Xabier Aranburu 'Guzta'-k hiru jasoaldi egin ditu 213 kiloko harriarekin
Bete du bere buruari jarritako erronka. Xabier Aranburu Guzta harrijasotzaile gazteak hiru aldiz jaso du 213 kiloko harria, 5 minutuko tartean. Atzo egin zuen ahalegina bere jaioterriko Igarondo pilotalekuan, senide, lagun eta herritarren aurrean. Aranburu “oso gustura” agertu da egindako saioarekin. “Beti izan dut harri handi xamar bat jasotzeko gogoa, neure herrian eta neure jendearen eta koadrillaren aurrean”. Lau hilabeteko prestakuntza lana dago atzetik: “urri aldera hasi nintzen, astean bi entrenamendu saio eginez”. Proba hau antolatzeko garaian, udalak emandako laguntza ere eskertu nahi izan du Aranburuk.