Guztak 10 jasoaldi eman dizkio Saturdiko Ernaitza harriari
Zaldibiako Saturdi gainean astelehenean ospatu zuten urteko festa, Pazko bigarrenean ohitura den bezala. Herri kirol erakustaldian, Xabier Aranburu Guzta harri jasotzaile idiazabaldarak 10 aldiz jaso zuen Ernaitza harri berezi eta irregularra (145 kg). Bost minutuko txanda zeukan, eta 4:51 minutu erabili zituen hamar jasoaldietarako.
Guzta lehenengo goierritarra da Ernaitzarekin probatu dena. Marka oso ona egin du, gainera, lehenengo saiakera izateko. Ostolazaren eta Eizmendiren pare geratu da jasoaldi kopuruan; Goenatxo II.ak 12 egin zituen, Izetak 13 eta Aimar Irigoienek 14. Haietako inork ez zuen lehenengo aldian 10eko kopurua lortu, hala ere.
Aizkoran, Anjel Arrospide leaburuar-zumarragarra eta Miel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra aritu ziren, kanako enbor potolo banarekin. Zurzuri makala ebaki zuten, Arrospidek zutika (14:25), eta Altzok etzanean (15:10).
Giro ederra izan zen Saturdiko festan, herenegun. Eguraldiak lagundurik, jende asko inguratu zen. Jesus Irastortza auzotarra omendu zuten. Toka lehiaketan, Joxe Antonio Irastortza Furriela eta Maria Labaka izan ziren garaile.