Javi Dominguez gasteiztarrak irabazi du Ehunmilak proba, hirugarrenez
23:22:37 ordu behar izan ditu ibilibidea amaitzeko.
Goierriko Bi Handietako korrikalariak oraindik metara iristen ari direnean, Ehunmilak-eko irabazleak gurutzatu du dagoeneko Beasaingo plazako helmuga. Javi Domingez gasteiztarrak hirugarren aldiz irabazi du Ehunmilak. Aurretik, 2014an eta 2011n irabazi zuen. 2013an, berriz, hirugarren egin zuen. 23:22:37 ordu behar izan ditu lasterketa amaitzeko.
Lasterketaren zatirik handienean aurretik joan da Dominguez, atzetik datozenei tarte handia ateraz. Mutiloako kontrolean Adur Mendizabal zaldibiarra eta Jon Aizpuru beasaindarra pasa dira bigarren eta hirugarren, Dominguezengandik ordu eta laurdenera.
Bidean galdu egin da
Proban zehar eroso sentitu dela eta gozatu egin duela adierazi du Dominguezek. Amaierako zatia egin zaio gogorrena, nekatuta zegoelako eta beroagatik. Izan ere, Beasainen ia 30 gradu daude. Bestalde, anekdota txiki bat ere izan du gasteiztarrak: Etzegaratera heldu aurretik galdu egin da zati batean. “Lotsa ere ematen dit aitortzeak”, esan du.
Beasaingo plazara heldu denean, berriro ere atzera egin du bidean zegoen publikoa agurtu eta eskerrak emateko. Harrera beroa jaso du Dominguezek.