Beasaingo Udalak dio ludotekek azaroan hasiko dutela ikasturte berria
Izena eman dezakete 4 eta 12 urte bitarteko haurrek udaletxean edo ikastetxeetan. Euskararen erabilera indartzea dute lehentasuna. AisiHezi elkarteak sinadura bilketa hasi du
Beasaingo Udalak aurreratu duenez, Txelotxe (Ezkiaga auzokoa) eta Berritsu (Loinazko San Martin plaza azpikoa) udal ludotekek azaroan hasiko dute ikasturte berria. 4 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako zerbitzua eskainiko dute, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea (gaztelekuaren zerbitzua «eten» egin dute momentuz). Interesatuek bi bide dituzte izena emateko: norberak bere ikastetxean, edo udaletxean, Igunean.
Ikasturte berrian euskararen erabilera indartzeko lehentasuna izango dute ludotekek, «beti ere aisiari atxikita». Ildo horretan, eskolatik kanpo euskaraz egiteko aukera gutxi duten edota euskaraz aritzeko zailtasunak dituzten haurrei egongo da zuzendua: «Ludoteka aisia eta jolaserako espazioa izateaz gain, euskara indartzeko gunea» izango dela diote. Era horretan, «gazteen artean euskararen erabilera areagotzea dugu jomugan, jolasaren bidez eta ikastetxe esparrutik kanpo, aisian», dio Aitor Aldasoro alkateak. Udaletik nabarmendu nahi izan dutenez, kalean euskararen erabilerak nabarmen egin du behera.
Baldintza pleguak
Atzeratu egingo da aurten irekiera: irailaren 5ean amaitu zen ludotekak kudeatzeko deialdia eta inongo enpresak ez baitu proiekturik aurkeztu. Baina, «lizitaziora aurkezteko enpresarik bada. Oporrak tarteko, aurkezteko dokumentazioa prestatzeko denbora gabe ibili omen dira», dio Aldasorok. Era horretan, «orain arte bezala, eman beharreko pausoak publiko egingo dira. Pleguak, orain arte bezala, markatutako helburuei eta ikastetxeen beharrei erantzungo die, beraiek horrela azpimarratuta».
Sinadura bilketa
Gai horren harira, orain arte ludotekak eta gaztelekua kudeatu dituen Aisi Hezi elkarteak sinadura bilketa hasi du change.org bidez (453 bilduak dituzte). Ludotekak eta gaztelekuak berriz irekitzea eskatzearekin batera, gune horiek «irekiak» izan behar dutela diote, «hizkuntza menperatzen dutenentzat eta ez dutenentzat izan behar du».













