Abenduaren 17an bi emanaldi egingo dituzte Majorin, 16:00etan eta 18:30ean. Lehiatilan bildutako dirua Seaskarentzat izango da. 'Tipi-tapa Korrika' da ikuskizunaren izenburua
Abenduaren 17an, igandean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek
Tipi-tapa korrika saio berria egingo dute, Ordiziako Majori kiroldegian. Ordiziako Jakintza ikastolak, Lazkaoko San Benito ikastolak eta Beasaingo Andramendi ikastolak antolatzen dute saioa. Lehiatilan bildutako dirua, Seaskarentzat, Iparraldeko Ikastolentzat izango da, aurreko urteetan bezala. Aurkezpena atzo arratsaldean egin zuten Barrena kultur etxean. Bertan izan ziren Porrotx pailazoa, Jakintza ikastolako ordezkariak, San Benito ikastolakoak, Urruña eta Ziburutik (lapurdi) etorritako ordezkariak eta antolakuntzako kideak.
Bi emanaldi egingo dituzte aurten ere; bata, 16:00etan eta bigarrena 18:30ean, igandean biak. Zazpi euro balio du sarrerak eta Goierriko hainbat herritan jarriko dira salgai gaurtik aurrera; Ordizian, Lazkaon, Beasainen, Seguran, Itsasondon, Zaldibian eta Idiazabalen. Pailazoen emanaldiaren ondoren, Kuxkuxtu txarangak Ordiziako kaleak animatuko ditu.
Hogei urteko elkarlana
Urte asko dira, 20 hain zuzen ere, Ordiziako, Beasaingo eta Laz- kaoko hiru ikastolek, Iparraldean dauden Urruñako ikastola eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioarekin elkarlanean hasi zirela, eta horren adibide garbia da Gabonak aurretik Ordizian egingo den pailazoen emanaldia.
Urruña eta Ziburukoak zerotik hasitako ikastolak dira, eta azken urteotan urrats nabarmenak eman dituzten arren, gaur egun oraindik, behar handiak dituzte. Hain zuzen ere, bi ikastola horiek, hornikuntza lanetan murgilduta daude.
‘Tipi-tapa korrika’
Korrika da pailazoen lan eta ikuskizun berriaren oinarri.
Tipi-tapa, Korrika! izenburua darama, eta Euskal Herria zeharkatu nahi dute euskararen aldeko lekukoarekin. Gaia aukeratzeko arrazoien artean hiru nabarmedu dituzte: Marimotots Extremaduratik etorritako familia batean jaio zen eta erdal giroan hazi bazen ere, euskaraz ikasi zuen AEKn; Porrotx familia euskaldun batekoa bada ere, ingurua eta lagunartea ere erdalduna zituen, eta AEKn alfabetatu zen; eta Pirritxek duela sei urteko Korrika amaiera izan du gogoan, eta orduko hartan lekukoa eramanez jasota eta bizitako guztia sentiarazi nahi dute herriz herri.
SARRERAK:
· Ordizia: Gaur eta bihar, Ikastolaren Villa Eugenia eraikinean eta Majori kiroldegian (17:00-18:30). Ondoren, agortu arte, Majorin.
· Lazkao: Gerriko liburudendan.
· Beasain: Gaur eta bihar, Andramendi Ikastolan. Ondoren, Antzizar tabernan.
· Segura: Elorripe tabernan.
· Itsasondo: Kaxintane tabernan.
· Zaldibia: Joxepane tabernan.
· Idiazabal: Izpar dendan.