Beasaingo Andramendi Ikastola hogeigarren urteurrena ospatzen ari da
Gaur 17:00etan 20 urteotako bilakaeraren argazki erakusketa irekiko dute Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Gaur egun 310 ikasle ditu; 0-16 urte arteko hezkuntza proiektua eskaintzen du
Hogei urte dira Andramendi ikastolak bere hezkuntza proiektuaren ibilbidea hasi zuela. Urtez urte haziz joan den ikastola da, oztopo desberdinei aurre eginez: gaur egun, 310 ikasle ditu eta 0-16 urte arteko hezkuntza etapa guztiak eskaintzen dituzte Urbialde plazako lokaletan. Andramendi ikastolako ikasleak, irakasleak eta gurasoak elkarrekin ari dira 20. urteurren borobila ospatzen. Gaur 17:00-etan, Erraldoien urratsak emanarazten dituen pasioa: Ikastola argazki erakusketa inauguratuko dute Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Abenduaren 30era bitartean, 19:00etatik 21:00etara, ikastolaren bilakaera ikusi, ezagutu eta gogorarazteko aukera izango da bertan. Ikastolaren sorrerako argazkiak, Kilometroak jaikoak, auzolanekoak, ospakizunetakoak… bildu eta erakusketan jartzeko prestatu dituzte. Dena den, urte osora zabalduko dituzte ekintzak, «hogei urteotako urratsak eta hurrengo urteetarako hausnarketa indartzeko». Lehen sorospen saioak egin dituzte bai gurasoek, ikas-leek eta irakasleek. Urtarri-lean,berriz, elikaduraren eta loaren inguruko mahai ingurua egin dute. Teknologia berrien erabilera ere aztertuko dute eta nerabezaroari dagokionean, sexualitatea, drogak, parekidetasuna… gaiak landuko dituzte. Kiva programa Bestetik, Ikastolen Elkarteak eta Finlandiako Unibertsitateak hitzarmena izenpetua dute eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa ikastoletan ezartzeko. Beasainen ere hasi dira lanetan, beste 51 ikastoletan bezala. Irakasleak, ikastolako langileak eta gurasoak formakuntza jasotzen ari dira. Izan ere, datuek erakusten dute eskola jazarpena fenomeno globala dela. Hala, mundu osoan, ikasleen (haur eta nerabe) %10ek jasan dute edo jasango dute bullyinga.
Ikastolak «euskal erakunde konprometituak» Beasaingo Ikastolatik gogorarazi dutenez, «Ikastolak euskara eta euskal kultura berreskuratzeko eta indartzeko, euskal erakunde konprometituak bezala sortu ziren. Beasaingo Ikastolak, gaur egun, helburu hauekin bat egiten jarraitzen du eta jarraituko du Beasainen, jarrera eraginkorra landuz eta aldi berean, beste lurraldeetako kulturei eta hizkuntzei irekia, gure nortasunaren berri emateko konplexurik gabe». Era horretan, orain 20 urte ikastolaren apustu ziren hainbat puntu berresten dituztela jakinarazi du Andramendi Ikastolak: «Heziketa emozionatua, hezkuntza giza eginkizuntzat hartzea, ikasteko behar den betari, lasaitasunari eta denborari garrantzia emanez».