Joxe Migel Barandiaran ataundar antropologo eta ikertzailea hil zela 25 urte bete dira, gaur. 1991ko abenduaren 21ean, goizeko bostetan itzaldu zen, Sara etxean. Gaur eguerdian, leku berean, euskal erakundeek eta mundu akademikoak gorazarre egin diote, euskal kulturari, ikerkuntza zientifikoari eta, oro har, Euskal Herriaren jakintzari eman zion guztia gogoratuz. Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea izan dira.
Ataungo dantzariak, gonbidatuei Agurra egiten./Aimar Maiz
Hitz goxoak eta esker onekoak izan dituzte gonbidatuek, Barandiaranekiko. Hura ondo ezagutu zuten Jesus Altuna arkeologoa, Ander Manterola antropologoa, Gurutze Arregi (hil zenean berarekin zen), Jokin Apalategi ataundarra eta Maite Idirin bertan izan dira. Baita Eusko Ikaskuntzaren lehendakari Iñaki Dorronsoro ataundarra ere, auzokidea; Barandiaran, bera bezala, EI-ren buru izan zen, 1976tik aurrera. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak —osaba zuen— haurtzaroko oroitzapenak eta “jende arruntarekin zuen apaltasuna” gogoratu ditu.
Han ziren, baita ere, Bingen Zupiria Kultura sailburua, Nekane Balluerka EHUren errektore hautatu berria, Etxepare institutuko Aizpea Goenaga, Sarako (Lapurdi) auzapez Battitt Laborde, Markel Olano ahaldun nagusia, Toti Martinez de Lezea idazlea, eta kirol arlotik Jon Ander Albisu pilotari sangregorioarra eta Iñaki Perurena harri jasotzaile leitzarra.
Hego Euskal Herriko bi lehendakariak, Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu, Barandiaran Fundazioko Josemari Velez de Mendizabalekin, Sara etxeko lan-gelan./Aimar Maiz
Barandiaran Fundazioko Josemari Velez de Mendizabalek harrera egin, eta hitzaldiak Asier Rodriguez alkateak, Argitxu Camus irakasleak eta bi lehendakariek egin dituzte. Jentilbaratza kultur elkartekoek antzezpen labur batekin oroitu dute Barandiaran, etxe aurrean oinez paseoan, atzetik Torto, San Martin Txiki, sorgina eta basajaun izaki mitologikoak lagun zituela.
Barandiaran Fundazioaren patronatua osatzen duten erakundeetako eta elkarteetako ordezkariak./Aimar Maiz
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.