Asier Lopez Iraolak (Beasain, 1979) 'Oro bat' liburu diskoa kaleratu du; bi urte eta erdiko lanaren emaitza da. Fredi Pelaez eta Iñaki Telleria goierritar musikariak izan ditu bide lagun proiektuan.
Musikenen musika konposizioa ikasketak egindakoa da Asier Lopez Iraola. Errenteriako (Gipuzkoa) Musika Eskolako irakasle lanak uzten dion tarteetan, musika eta hitzak sortzen ditu beasaindarrak.
Oro bat liburu diskoa da horren lekuko.
Liburuak eta CD-ak osatzen du ‘Oro bat’. Hitzek ere musikak adinako garrantzia dute?
Bai. Nire kasuan betidanik bi gauzak egin ditut, testua eta musika. Hitzak beti izan dira garrantzitsuak, eta kasu honetan erronketako bat zen narratibitate bat lortzea disko osoan zehar. Behin lan hori eginda gero, pentsatu nuen liburu moduan ateratzea, lasai irakurtzeko.
Prozesua zein izan da, lehenengo letra idaztea eta gero musika, edo alderantziz…
Momentuaren arabera. Nik ez dut idazten testu bat, besterik gabe horrela geldituko delakoan; beti pentsatzen dut abesti bat izango dela. Batzuetan pianoa jotzen hasten naiz, eta zuzenean testu bat hasten naiz abesten, inprobisatzen… Beste batzuetan testu bat idazten dut eta ondo joango zaio musika egiten dut pasarte honi egokitzeko… Beste askotan, aparte eginda izaten dira biak, konexioak geroago etortzen dira.
Bi laguntzaile izan dituzu, Iñaki Telleria idiazabaldarra eta Fredi Pelaez lazkaotarra.
Bai. Diskoa buruan neukanean, pentsatu nuen hammond organoa eta pianoa izatea gehienbat oinarri. Fredi Pelaezi proposatu nion. Ezagutzen nuen, lagun minak gara, eta nik sortutako musika entzun ere egin gabe baiezkoa esan zidan. Musika idazten nindoan eran, noizean behin bere estudioan ensaiatzen genuen. Luxua izan da. Hammonda eta pianoa dauzka eta idatzitakoak funtzionatzen zuen ikusten genuen.
Perkusioak ere badu lekua.
Bai, Iñaki amaieran sartu zen. Perkusioa sartu nahi nuen baina ez nekien ziur zein kolore edo zer sartu nahi nuen. Iñakiri ideia azaldu nion eta berak montatu zuen set polit bat, eta primeran.
Autoekoizpena izan da, Beasaingo Pottoko Studio estudioan grabatua.
Bai, abuztuan, oporretan. Aurreko guztiak etxean egin nituen. Estudiotxo bat daukat, baina beste batekin eginda ardura konpartitu egiten da, bestela pisu handia izaten da. Bi urte eta erdian egon naiz lan honekin bueltaka; lan potoloa izan da.
Nola deskribatuko zenuke zure musika?
Aurrekoa agian entzun errazagoa zen, baina jendeak ere esaten zidan esperimentala zela. Agian bada, biluziagoa, instrumentazio aldetik oso homogeneoa delako, soila da. Agian posible da abeskerak ere gordintasun berezi bat izatea.
Euskaraz abesten duzu.
Abesteko nire hizkuntza euskara da, eta gainera gustatzen zait tresna bezala erabiltzea. Nire sorkuntzako materiala hizkuntza eta notak dira. Nik hizkuntzan murgiltzeko garaian, gauzarik intimoena eta zuzenekoena, ni neu naizenena, euskara da argi eta garbi. Bere garaian ingelesez abestu nuen, baina ez da inondik inora ere berdina. Hor konexio berezi bat dago. Ez da zerbait militantea, gustua dago, berezkotasun bat.
Zein izan da orain arteko zure musika ibilbidea?
Txikitatik ez naiz gelditu, baina Musikeneko ikasketak bukatu nituenetik, bosgarren lana da
Oro bat. Nire haurtzaroan eta nerabezaroan rock munduan mugitu nintzen pila bat, esperimentala ala ez, dena belarriz egiten nuen, popetik gertu zegoen, musika ez akademikotik gertu. Filosofia ikasketak amaitu eta gero, musika konposizioa egitea erabaki nuen, solfeoan eta harmonian askeago izan nahi nuelako. Orduan, akademikorako eta musika garaikidearekiko interesa sartzen zait. Nik nire bidea egitea erabakitzen dudanean, bi mundu horien arteko batasuna bilatzen dut. Musikene bukatu nuenetik, beti nago bilaketa horretan, batzuetan nahiko buruhauste ematen didanak.
Nola egiten da bilaketa hori?
Kultura eta garai desberdinetako musikari arreta handia jartzen diot. Mendebaldeko musika, Erdi Arokoa, Errenazimendukoa… asko gustatzen zait. Kultura desberdinetako musikak ere bai: japoniarra, indiarra… Pasatu nuen lehenengo fase handi bat musika pila bat entzuten eta irakurtzen, nolabait, abeskerak, eskalak eta musika egiteko moduak barneratzeko. Gauzak nahiko nigandik ateratzen zirenean, nahiko berez, idazten hasi nintzen. Badaude kultura desberdinetako abeskerak disko honetan, Euskal Herrikoak ere bai.
Oro eta bat. Zer da ‘Oro bat’?
Zentzu asko ditu. Batetik, badago zentzu bat, estilo eta garai desberdinetara begiratzearen kontua, orobatekotasuna. Bestetik, testuan eta edukien inguruan zerikusia daukana: aniztasuna eta batasuna, gauzen bakantasuna eta ereduak… Oro izan daiteke gauza guztien multzoa, izan daiteke bakantasuna, edo izan daiteke gauza guztien batasun absolutua.