Idiazabalen bizi dira Mounir eta Zahara El Ouazzani eta euskara ari dira ikasten urritik. Beraien egoeran dauden beste pertsona batzuk euskara ikastera animatu nahi dituzte.
Uztailean iritsi ziren Idiazabalera Mounir El Ouazzani Fernandez (1997) eta Zahara (1996) bere arreba, Benalmadenatik (Malaga), gurasoekin batera. Pilar-eneako taberna daramate gurasoek eta horregatik, orain hilabete gutxitik, familia guztia, gurasoak eta eta seme-alabak Idiazabalen daude bizitzen. Bizitoki eta bizimodu berriaz gain, hizkuntza berri baten aurrean topatu dira. Baina Mounirrek eta Zaharak lehenengo momentutik euskara ikasi nahi dutela oso garbi izan dute eta gogo handiz klaseak hartzen ari dira Idizabalen bertan sortutako euskara talde berri batekin.
Euskal Herria ezagutzen al zenuten lehendik? Eta Idiazabal?
Mounir El Ouazzani: Euskal Herrian egonda geunden; Bilbon, Donostian, Tolosan, eta Altzon. Baina Idiazabal ez genuen ezagutzen.
Zahara El Ouazzani: Altzon bizi den amaren lagun batek hitzegin zigun Pilar-eneako taberna hartzeko aukeraz.
Aldaketa handia izan al da Benalmadenatik Idiazabalera etortzea?
M. E.: Toki desberdinetan bizi izan gara eta aldaketak ez zigun beldurrik ematen. Ni neu, Madrilen ingeniaritza ikasten ari nintzen. Arreba, berriz, filologia arabiarra, Granadan. Aldaketa handienak hizkuntza eta eguraldia izan dira. Eguraldia ezingo dugu aldatu, baina euskara ikastea gure eskuetan dago, eta hortan ari gara arreba eta biok. Urrian hasi ginen euskara ikasten.
Z. E.: Idiazabalera iritsi eta gutxira udaletxera joan ginen, euskara ikastaroengatik galdezka. Idiazabalen bertan, une hartan ez zegoen aukerarik, baina talde berri bat sortzea lortu da. Momentu honetan bost pertsonez osatutako taldea gara eta udaletxeko gela batean biltzen gara urritik.
Zerk bultzatu zaituzte euskara ikastera?
M. E.: Gurasoen tabernan, Pilar-enean, jendeak euskaraz hitzegiten zidan eta ez nuen ezer ere ulertzen. Horrek lotsa sentiarazten zidan eta hori izan zen, besteak beste, euskara ikasten hasteko arrazoietako bat. Bertan integratzeko eta lagunak egiteko modu egokiena dela uste dut gainera.
Z. E.: Euskal Herrian bizi behar badugu, garrantzitsua iruditzen zait euskara jakitea. Pixkanaka-pixkanaka jendeak zer esaten didan ulertzen joan nahi dut. Tabernan ere, ziurrenik, euskara jakinda erosoago sentituko naiz. Idiazabalen jendeak euskaraz hitzegiteko ohitura du gainera eta nik ere ikasi nahi dut, jen-deak nirekin hitzegiterakoan, gazteleraz hitzegin behar ez izateko. Horretaz gain nire etorkizunera begira, euskarak profesionalki ere bide asko irekiko dizkidala uste dut.
Zer moduz ari zarete moldatzen euskara klaseetan?
M. E.: Ondo ari garela uste dut, momentuz nahiko azkar ari gara ikasten. Herriko futbol taldean ere banabil eta oso lagungarri zait hori ere euskara praktikan jartzeko, taldean egindako lagunekin ere saiatzen baitnaiz euskaraz hitzegiten.
Z. E.: Ahoskeraren aldetik, arabierarekin badu antzekotasuna euskarak. Hortaz,erraztasuna dugu alde horretatik. Klaseei dagokienez, oso gustura ari gara eta etxean ere asko saiatzen gara ikasi duguna errepasatzen, etxeko lanak egiten eta mintza praktikak egiten.
Zuen antzeko egoeran dauden pertsonei, zer esango zenieke?
M. E.: Animatu daitezela euskara ikastera. Integratzeko modua da batetik eta, horretaz gain, hizkuntza bat gehiago ikastea oso aberasgarria da pertsonalki. Oso esperientzia polita da gainera.
Z. E.: Euskara ikastea, gehitzea da; ateak irekitzen ditu, tokian integratzeko modua da eta lagunak egiteko aukera bat da.