Xabier Berasategi bosgarren Marseillako Sari Nagusian
Joan den astean Castelloko Sari Nagusian lortutako postu berbera eskuratu du. Mallorkako Challengean birus batek erasan dio Gari Ugarte legazpiarrari.
Xabier Berasategi, Marsellako Sari Nagusiko esprintean, erdi-erdian, maillot laranjarekin. Euskaltel-Euskadi Pedal kolpe bikainarekin eta sasoi betean dagoela erakutsi du beste behin ere Xabier Berasategi (Euskaltel-Euskadi) txirrindulari olaberritarrak. Joan den astean bosgarren postuan bukatu zuen Castelloko sari nagusian, eta asteburu honetan postu berbera lortu du Marseillako Sari Nagusian, Frantzian.
Euskaltelek bere anbizioa erakutsi du Marsellako Sari Nagusian. 146 kilometroko proba da eta Frantziako Kopako lehen proba puntuagarria. Txirrindulari laranjek tropelaren gidaritza hartu dute ibilbidearen erdialdean egindako ihesaldi arriskutsu bat bertan behera uzteko. Garaipenaren lehian, Berasategik bere maila azaldu du berriz ere, eta bosgarren sailkatuta borobildu du taldearen jarduna –Nicolas Alustiza zumarragarra tartean–. Bryan Coquard frantziarra (Cofidis) izan da azkarrena esprintean.
Pablo Urtasun kirol zuzendariak honakoa adierazi du probaren bukaeran: “Beti gehiago nahi dugu, baina emaitza ona da. Lasterketa maldan gora jarri zaigu ibilbidearen erdian, tropela jaitsiera batean moztu denean. Gotzon bakarrik genuen aurretik, beraz, Lotto taldearekin batera erritmoa bizitu dugu tropelean aldea itxi arte. Berasategirekin lehiatzea zen asmoa eta helburua bete dugu; bosgarren eta hamaikagarren amaitzea pozik egoteko modukoa da, nahiz eta irabazteko eta hobetzen jarraitzeko anbizioari eusten diogun”.
Mallorkan tripatakoak jota
Mallorkako Challengean bestelako bizipen batzuk izan dituzte Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek. Ezin izan dute bere maila onena eman, tripetako birus batek jo baititu hainbat taldekide. Horien artean egon da Gari Ugarte legazpiarra.

Marsellako Sari Nagusian lehiatu dira Euskaltel-Euskadiko zazpi txirrindulariak. Ezkerretik bigarrena Nicolas Alustiza zumarragarra da, eta bosgarrena Xabier Berasategi olaberritarra.Euskaltel-Euskadi












