Maider Arregik eta Maialen Akizuk eskuratu dute Gabirian apirilaren 22an egingo den finalerako pasea. Mikel Tapia ataundarrak eraman du aurtengo Argi Berri saria
Ordiziako Argi Berri Elkartean Osinalde Sariketarako baliagarria den kanporaketetako bat jokatu zen larunbatean eta Maider Arregi (Oñati) eta Maialen Akizu (Urretxu) izan ziren apirilaren 22an Gabirian jokatuko den finalerako bi bertsolari sailkatuak. Haiekin, Mikel Lasarte (Barañain), Aitor Servier (Azkaine), Markel Izagirre (Zarautz) eta Mikel Tapia (Ataun) lehiatu ziren.
Argi Berri saria, entzuleek aukeratutako bertsolari gustukoena alegia, Mikel Tapia ataundarrarentzat izan zen. Ainhoa Mujika gai-jartzaile eta aurkezle lanetan aritu zen eta Josu Albisu eta
Furriela, berriz, trikitilari-panderojole izan zituzten. Epaile lanetan, Martin Aramendi, Nikolas Zeberio eta Mikel Urteaga aritu ziren.
Giro aparta eta jende ugari, 80 lagun inguru, animatu zen Argi Berri elkarteko bertso kanporaketara. Antolakuntzakoek adierazitakoaren arabera «saio orekatua izan zen» eta «ez da lehen aldia, Argi Berri saria jaso duena ez da Gabiriako finalean izango». Afaldu ostean hasi zen bertso saioa; aurretik, ordea, Manolo Gorospe Argi Berriko bazkide eta Goierriko Bertso Eskolaren sustatzaile eta dinamizatzaile izandakoari omenalditxoa egin zioten, joan den asteartean zendu baitzen.
Zaldibiako kanporaketa
Gabiriako finalerako Zaldibiako kanporaketa gelditzen da. Osinberde elkartean jokatuko da, hilaren 8an. Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Unai Mendizabal (Zizurkil), Mikel Retolaza (Busturia), Aitor Bizkarra (Abadiño), Ane Beloki (Legazpi) eta Peru Abarrategi (Aramaio) bertsolari gazteak arituko dira lehian, finalerako pasea eskuratzeko ahaleginean. Zaldibia orain urte gutxi sartu da, Idiazabalen ordez.
Aztiriako kanporaketa martxoaren 25ean egin zuten eta Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegi sailkatu ziren lehenengo kanporaketa hartan. Osinalde sariaren finala, Gabirian egingo da, apirilaren 22an.