Agur Manolo Gorospe
GUTUNA – Joxe Mari Barandiaran. Ordizia
Ez zekiat nola esan Manolo, ez zekiat nola adierazi. Iragarritako heriotzek ere min ematen ditek hemen, bularraren erdian eta, hireak bezala, bat batean datorrenak, are eta gehiago.
Deia jaso ondoren, ziztu bizian doan suhiltzailearen pare, agurtzeko ere betarik gabe alde egin duk Manolo. Hau ez duk purrustada bat, hau errealitate hutsa duk. Lazkao Txikik kantatu zian bezala:
«…
kuku hemen eta kuku han,
kalendario gabe badaki,
noiz etorri eta noiz joan»
Antzera egin diguk Manolo, aurten ere kukua etorri duk abisatu gabe eta hik ere alde egin diguk deus esan gabe. Ez halere, kukuaren pare. Ekimen askoren sustatzaile eta partaide izana haiz. Euskaltzale eta abertzale osoa. Diktadura ondorengo lehenengo agintaldiko zinegotzi, Korrikaren hastapenetan, Korrikak Goierrin egiten zituen kilometroen markatzaile taldekoa. Argi Berriko lehendakari hintzela, 1992an, heuk sinatu huen Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa antolatzeko, Joxe Mielekin berarekin egin zen hitzarmen hura. Akordatzen? Zuberotarrek 1993an Ordizian Pastorala antzezteko eragile nagusi ere heu izan hintzen. Horiek, bakar batzuk aipatzeagatik. Bai, eltze euskaldun ugaritako perrexila izan haiz eta ezin aipatu gabe utzi Goierriko Bertso Eskolan hogei urtez egin duan lan erraldoia, Bertso Eskolako gazteen garraioan. Adibide txiki bat: 2000-2001 ikasturtean bertan, 878 km.; 2001-2002an 1.170 km eta dena borondate onez.
Eta nik ez dakizkidan beste zenbat? Batzuk agerikoak eta beste batzuk ez hainbeste!
Ez, ez haiz joan kukuarena eginda Manolo. Hik egindakoa eta emandakoa lan mardula eta ugaria izan duk. Sekula behar adina eskertuko ez duguna.
Aurki izango gaituk gu ere hor eta antola ezak ordurako erroskilla festaren bat. Deituko diat joan aurretik. Laster arte Manolo!
–Joxe Mari Barandiaran. Ordizia