Ordiziarrak Santa Ana festetarako prest
Haurren astebukaera ospatuko dute lehenengo; larunbatean hartuko dute agintea bi alkate txikiek. Aurtengo berrikuntza 'Psychoclown' ikuskizuna izango da, astelehenean
Botilzarra eta testing-a
Santa Anatan alkoholaren eta drogen erabilpen zuzenena egite aldera, aurten ere Botilzarra eta testing-a egingo dituzte Ai! Laket elkartearen eskutik. Hala, hilaren 25ean 19:00etatik gauerdira arte Botilzar programa burutuko da, eta egun horretan eta hurrengoan 22:00etatik 02:00ak arte, Testing programa eskainiko da, festa giroan droga kontsumoen arriskua murrizteko.
FESTETAKO OHARRAK:
Autobus zerbitzuak aldaketak izango ditu jaiengatik
Jaiak direla eta, autobus zerbitzuak aldaketak izango ditu. Goierrialdeko autobusak ez dira geldituko geltoki hauetan: Tximista, Arana kalea, Ordizia kalea eta Urdaneta kaleko 40. Geltokia, Otegi-enean (Anexo) eta Urdaneta 78an (Malkasko) egingo da. Ibilbide luzekoek ere aldaketak izango dituzte eta Urdaneta 78an geldituko dira. Donostirako noranzkoan Renfen hartuko da.
Herritarrek festen inguruko iritzia eman ahalko dute
Ordiziako Udalaren webgunean, galdeketa egingo dute jaien inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeko, iaz bezala. www.ordizia.eus webgunean sartuta, goiko aldean, Ordizia hobetzen banerrean klikatu beharko dute erabiltzaileek. Banerra, uztailaren 24tik abuztuaren 7ra egongo da jarrita. Udalak, herritar guztiak parte hartzera animatu nahi ditu, urtero festak hobetzen joateko.
Barrakak Bizkaia pasealekuan eta bigantxak, Bustuntzan
Barraken eta bigantxa-plazaren kokaleku aldaketa egin zen iaz sarbidea hobetzeko. Barrakak Bizkaia pasealekuan eta bigantxa-plaza Bustuntzan, Idoiaga plazan ipini ziren eta aurten ere han jarriko dituzte, udalak esandakoaren arabera «oso balorazio positiboa» izan zituztelako. Dena den, ulertzen dute hainbat bizilagunentzat deserosoa izan daitekeela eta horregatik barkamena eskatzen du udalak.














