Fiskaltzak Tolosako epaitegiaren esku utzi du Aralarko pisten auzia
Eguzki Talde Ekologista eta Landarlan Ingurumen elkartea gustura agertu dira, pisten auzia epaibidera eramatea lortu dutelako. Duela urtebete fiskaltzarengana jo zuten, “Intzentsao-Goroskintxu pista proiektuak Aralar Natura Parkearen legedia hainbat puntutan urratzen” zuela uste zutelako. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak onartutako proiektuan “lege hauste zantzuak” egon litezkeela iritzita, gaia Tolosako epaitegiaren esku uztea erabaki du fiskaltzak.
Aralarko pisten lehen zatia (dagoeneko eraikita dagoena) epaibidean dela ikusita, uneotan tramitatzen ari diren edo etor litekeen beste edozein proiektu “bertan behera” uzteko eskatu dute Eguzkik eta Landarlanek; hau da, “Enirio eta Igaratzako txabolak lotuko dituen pista berria eraikitzeko plana” gelditu dezatela.
Bigarren proiektu hori, aurrenekoa bezala, “Natura 2000 sare barnean dagoen Aralarko Natur Parkean” eraiki nahi dutela salatu dute, eta gune hori, Kontserbazio Bereziko Eremua dela gogorarazi. Proiektuak, gainera, “ingurumen inpaktuaren ebaluazio indibidializatua” behar duela azaldu dute, eta “legediaren interpretazio interesatua” egitea leporatu diete proiektuaren bultzatzaileei.
Proiektuaren oposizioa
Eguzki eta Landarlan ez ezik, Naturkon Gipuzkoako natur eta ekologista taldeen koordinakundea eta Aranzadi Zientzia Elkartea, Ahal Dugu eta EH Bildu alderdiak, eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako mendi federazioak ere proiektuaren kontra agertu dira, eta guztiek azterketa sakonago bat behar dela azaldu dute. Horrez gain, Enirio-Aralar inguruko herrietan “gatazka sozial nabarmena” sortu dela gogorarazi dute.
Aralar “ikuspegi ekologiko, zientifiko eta kulturaletik oso eremu berezi eta baliotsua” izateaz gain, gipuzkoarrentzat “leku oso preziatua” ere badela diote talde ekologistek, eta lur horiek Enirio-Aralar mankomunitateko herritar guztien lurrak direla. Eguzkiren eta Landarlanen ustez, “bada garaia bere kudeaketa [mankomunitatearena] modu zentzudunago batean egiten hasteko”. Hori dela eta, “Aralarren kudeaketa plan berria” behar dela azaldu dute, “legedia errespetatuko duena eta Aralarko erabiltzaile guztien interesak kontuan hartuko dituena, beti ere naturaren kontserbazioa” lehenetsita.