Kataluniaren aldeko Goierriko giza katea iruditan
“Irribarre batekin ahoan”, goierritarrek “Kataluniari eta etorkizunari” eman diote eskua gaur. Giza kate “arrakastatsua” egin dute Goierrin, Gure Esku Dagok azaldu duenaren arabera. Kataluniarekin bat, guk ere erabakiko dugu! guztira 3.000 lagun elkartu dira, eskuz esku, Lazkao, Ordizia eta Beasain artean, Kataluniako herriari babesa emateko. Gure Esku Dagoren arabera, “Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde” egitea da “katalanei laguntzeko modurik onena”.
Eguerdiko 12:00etarako osatu dute giza katea hiru herrien artean. Goierriko herri guztietatik etorri dira herritarrak ekimenean parte hartzeko, eta zatika banatu dira, denen artean kate jendetsua osatzeko. 12:20ak aldera abiatu dira bi lekukoak, bata Lazkaotik eta bestea Ordiziatik. Kultura, politika, kirol eta gizarte arloko jende esanguratsuak eraman du lekuko hori eskuz esku. Beasainen elkartu dira bi zutabeak, eta Maialen Akizuk eta Dani Solerrek egin dituzte azken metroak, plazaraino. Bertan ekitaldi jendetsua egin dute, Kataluniaren aldeko elkartasun mezu eta oihuekin. Akizuk lekukoak zeraman mezua irakurri du, eta Solerrek, Kataluniatik bidalitako testu bat. Bukaera, Lluis Llachen L’Estaca abesti ezaguna kantatuz eman diote ekitaldiari.
Adierazpena osorik: Trena heldu da Kataluniaren geltokira! Eta gu ez gara trenari begira geratuko, ez horixe! Gaur ere, goierritarrok eta euskal herritarrok, kataluniarrei eskutik heldu diegu; ez gure babesa eta kemena adierazteko bakarrik, baita euren eskutik trenaren hurrengo bagoira igotzeko ere. Iritsi da unea! Lekukoa pasa digute gure kideek, eta bagoira igotzeko garaia heldu da. Begiratu ezkerrean daukazunari eta eman eskua; jarraian, mugitu eskuinera burua eta harekin ere elkar lotu atzamarrak. Horrela arituko gara etenik gabe, euskal herritarron giza-katea osatu arte, guztiok elkar hartu arte. Eta orduan, giza-katea desegin gabe, salto egingo dugu martxan den trenera. Kulunka bakoitzean hartuko ditugu indarrak eta geltoki orotan sartuko da jendea, gainezka egin arte. Elikatuko dugu trena eskubidez, ahaleginez, jakintzaz eta energiaz; bultzatuko dugu askatasun haizez eta eraikitze nahiaz. Harik eta herri libre bateko jende zoriontsu bihurtu arte. Badakigu oztopoak izango direla; saiatuko dira trenaren leihoak lurruntzen, bidea mozten, geltoki bakoitzean jendea jaitsi arazten… baina guk esku-ahurrak lotuta mantenduko ditugu, elkarrekin. Badakigulako guztiok batera egingo dugula bidaia edo ez dela ez bidaiarik eta ez biderik izango. Ezin diogu trenari ihes egiten utzi, atzetik, batek daki noiz, besteren bat etorriko delakoan. Beraz, entzun diezaiegun lagun kataluniarrei eta aprobetxa dezagun aldeko haizea, gure etorkizuna aske eta demokratikoki erabakitzeko. Kataluniarrek bezala, guk ere erabaki nahi dugu eta erabakiko dugu!Argazki galeria: