Kartzelako lanarekin borobildu du Sarriegik goizeko saioa
Aitor Sarriegik lan borobila osatu du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren goizeko saioan. Seguru aritu da ariketa gehienetan eta jendearengana iristea lortu du. Kartzelako lanarekin borobildu du goizeko ekina.
8ko handian fin hasi da Igor Elortzarekin batera, euskara elkarte bateko bi kideren arteko elkarrizketan. 8ko txikian ere ondo aritu daUnai Agirrerekin, umoretik, bideojokoen inguruko aita-semeen arteko solasaldian
Puntukakoan justizia gai hartuta ibili da. Lehenengoan erabat asmatu ez badu ere, beste bietan fin aritu da, “juztizia gezur bat bihurtu da eta” edo “gaur egun juztiziak zulo asko ditu” bezalako bukaerak emanda.
10eko txikian, Maialen Lujanbiorekin, bere saltsan aritu da Aitor, irakaskuntzako greba gai hartuta, bera ere irakaslea baita lanbidez. Atal horretako saiorik beteena egin dute biek.
Goizeko saioa bukatzeko kartzelako ariketari egin diote aurre 8 bertsolariek. Atetik sartu zarenean isildu egin dira denak, hori izan da jarritako gaia. Irakaslearen postutik heldu dio gaiari, geletan euskarak duen presentzia eta kontzientzia euskalduna jorratuz. Txapelketa honetan ezagun egin duen doinua aukeratu du Sarriegik, Andres Calamaroren Paloma kantuarena. Hala bukatu du hirugarren eta azken bertsoa: Eta nolakoa izango da gure etorkizuna/ haurrei eskatu ezkero geuk egiten ez duguna.