Txosna Batzordeak San Prudentzio eskola-etxearen aurrean kokatu du aurten ere gunea. Bihar 20:00etan zabalduko dute. Egitarau berezitua antolatu dute.Lehen astebururako ekitaldien artean, nabarmentzekoa da mozorrotuen bazkaria. Larunbatean 14:30ean elk...
Txosna Batzordeak San Prudentzio eskola-etxearen aurrean kokatu du aurten ere gunea. Bihar 20:00etan zabalduko dute. Egitarau berezitua antolatu dute.
Lehen astebururako ekitaldien artean, nabarmentzekoa da mozorrotuen bazkaria. Larunbatean 14:30ean elkartuko dira kuadrilla ugari, mahai luzeetan. Bazkarirako txartelak tabernetan dauzkate salgai, aurrez: Zelata, Giroa, Antsoategi, Usasti, Alboka eta Okerren.
Lepoko zapi berezitua ere atera dute. 5 euroan salduko dute, aurrez Giroa tabernan, eta jaietan zehar txosnetan.
Musika bihar eta etzi
Ostiral gauerako hiru talde gonbidatu dituzte. Kontzertua gauerdian hasiko da, txosna gunean: Trini Fox, Voltaia eta Rodeo taldeek joko dute. Etzi, Zigor DJa ariko da.
Ostegunean jarraituko du egitarauak, apirilaren 26an. Patata-tortilla lehiaketa egingo dute.