Gorputzez zein buruz indartsu dator Ewa Majer (Myzlenice, Polonia, 1982) Ehunmilak ultra-trailera. Aurreko bietan erretiratu egin zen, eta bukatzea lorpena litzatekeela dio, nahiz eta irabaztea ere baduen helburu.
Zer helbururekin zatoz aurten Ehunmilak ultra-trailera?
Gogotsu nator, eta helburua ere horixe da, lasterketa gorputzaldi onarekin bukatzea. Irabaztea ere ederra litzateke!
Aurreko bi edizioetan erretiroa hartu behar izan zenuen. Hirugarrengoan bai?
Orain bi urte oinak txikituta neramatzan, eta lasterketa utzi behar izan nuen, eta iaz, urdaileko arazoengatik. Ea hirugarrengoa arrakastatsuagoa den.
Eskarmentuak zer erakutsi dizu?
Bat behintzat oinetakoak aldatu beharra dauzkadala, eguraldia oso aldakorra izaten baita. Aurrekoetan egindako akatsak zuzentzen saiatuko naiz.
Silvia Triguerosek, azken bi urteetako irabazleak, ez du parte hartuko aurten.
Berdin zait zeinek parte hartzen duen, ez naiz besteei begira egoten. Kontzentratzea eta nire lana ondo egitea gustatzen zait.
“Berdin zait zeinek parte hartzen duen, ez naiz besteei begira egoten”
“Polonian interes handia dago, eta hazten ari da gainera”
Zer iritzi duzu Ehunmilak lasterketaz?
Izugarri gustatzen zait! Klima, ibilbidea, bertakoen adeitasuna eta sortzen den giroa ederrak dira, benetan! Lasterketa oso ondo antolatuta dago, eta Euskal Herrira iristeko desiratzen nago. Emozionalki, inoizko unerik onenean nago, eta bukatzen badut eta irabazten badut, munduko emakumerik zoriontsuena izango naiz. Antolatzaileei eskerrak eman nahi nizkieke gonbidapenarengatik. Mendi lasterketa paregabea antolatzen dute zale eta boluntarioen laguntzaz. Lurralde abegitsua zarete, eta begirunez ikusten zaituztet!
Zer beste helburu dituzu denboraldi honi begira?
Ehunmilak izango da denboraldi honetan egin dudan ultrarik garrantzitsuena. Irailean 100 kilometroko beste batean parte hartuko dut Polonian, eta urrian 90eko beste batean, Sardinian. Hortik aurrera beste batzuetan ere ariko naiz, baina bigarren mailakoak direla esan nezake.
Eta orain arte?
Ibilbide luzeko eta Ultra Skyrunningeko Poloniako Txapelketan zilarrezko bi domina irabazi ditut aurten. Beste lasterketa batzuetan ere parte hartu dut, eta denetan podiumean izan naiz.
Duela zazpi urte, 2011n, hasi zinen mendi lasterketetan parte hartzen. Zeintzuk dira zure lorpenik nabarmenenak?
Poloniako Txapelketetan hainbat domina irabazi ditut iraupen ezberdinetako probetan. Poloniako Ultra Txapelketako Run of 7 Valleys probako errekorra daukat (100 km), 2012-2017 epealdian Chudy Wawrzyniec Run (85 km) irabazi dut, eta Lavaredo Ultra Trailean 5. izan nintzen iaz.
Polonian ultra-trailetarako zaletasun handia al dago?
Interes handia dago, eta hazten ari da gainera. Zaleek niri lasterketak jarraitzen dituzte, eta gauez parte hartzen ari banaiz, badaude lorik ere egiten ez dutenak. Ehunmilak ezagutzera animatu nahi nituzke.
Iaz, Bartosz Gorzczyca zure herrikideak irabazi zuen Marimurumendi, eta aurten, Zegama-Aizkorrim Bartlomiej Przedwojeski-k 3. postua lortu du. Maila ona dago Polonian ezta?
Bai, maila oneko emakume eta gizon talde bat gaude, eta maila goraka doa. Poztekoa da.