Gipuzkoako Erreminta Eguna, bihar Ordizian
Egun osoan adin desberdinetako pala finalak jokatuko dira Beti Alai pilotalekuan. Herriarteko pala txapelketako finala Errenteria eta Andoain artean erabakiko da.

Gipuzkoako Pilota Federazioaren 100. urteurrenaren harira, Gipuzkoako Erreminta Eguna antolatu dute bihar Ordizian, pala modalitatea sustatzeko helburuarekin. Egun osoko egitaraua antolatu du Pilota Federazioak.
Gipuzkoako taldekako finalak jokatuko dituzte Beti Alain. Eskola Kiroleko Gipuzkoako txapelketako alebinen partida izango da lehenengoa, 10:00etan. Ondoren, 11:00etan, paleta inklusiboaren erakustaldia izango da. Eta goizeko jarduna amaitzeko, 12:00etan, Errendimenduko infantil mailako finala jokatuko da; tartean, Aritz Maiora olaberritarra izango da lehian. 16:00etan berriz, jubenilen taldekako finala izango da. Maila horretan, Oinatz Aranburu olaberritarra lehiatuko da.
Herriarteko pala finala
Azken partida, helduena izango da: Gipuzkoako Herriarteko pala txapelketaren final handia. Iazko finala errepikatuko da: Errenteria eta Andoain lehiatuko dira elkarren aurka.
Oianguko pilotariak
Ordiziako Oianguko palariak gertutik biziko dute biharko eguna, azken asteburuan emaitza onak eskuratuta daude gainera. Infantil mailako gazteek Euskadiko jokoetako bigarren asteburua zuten lehian Gasteizko Adarra pilotalekuan. Aurreko asteburuan bizkaitarrak mendean hartu zituzten, bai larruz eta baita gomazko modalitatean ere, eta gauza bera egin dute azken asteburuan arabarrekin. Beraz, Gipuzkoako ordezkari gisa, gomaz Sardon-Andonegi eta larruz Soberon-Maiora bikoteak Euskadiko txapeldun dira