Gipuzkoako 34. Artzain Gazta Txapelketa egin dute Legazpin, eta Artzain Egunari loturik, beste hainbat ekintza antolatu dituzte: 50. Euskal Artzain Txakurren Lehiaketa, esaterako.
Patxi Otaegi, Gipuzkoako Artzain Gazta Lehiaketako irabazlea.
Patxi Otaegi beizamarrak irabazi du Legazpin Gipuzkoako 34. Artzain Gazta Txapelketa. “Ohorea” izan da beretzat lehenengo postua lortzea: “Urte askoan hartu dugu parte lehiaketan, eta horrelako sariak lortzea beti da ederra”. Bigarren lekuan, Elgoibarko Mausitxa gaztandegia gelditu da; hirugarrenean, aldiz, Gabiriako Baztarrika. Herriko gaztarik onenaren saria, Makatza baserrikoek lortu dute.
Andres Etxeberria, Txomin Arizmendiarreta, Jose Manuel Jaio eta Pako Lertxundi eta Mari Paz Zabala senar emazteak izan dira aurtengo omenduak. Hainbat urtean artzaintzaren alde egindako lana saritu diete. Arizmendiarreta eta Jaio, gainera, Ameriketako Estatu Batuetan aritu ziren artzain lanetan.
“Artzain Gazta Txapelketa Artzain Egunaren ardatzean dagoen arren, artzaintzari lotutako beste hainbat jarduera antolatzen dituzte”, adierazi du Tere Belokik, Euskadi Irratiko esatariak. Goizean, artisau azoka, sagardo dastaketa eta ardi mozte lehiaketa egin dituzte, besteak beste. Arratsaldean, bestalde, 50. Euskal Artzain Txakurren Txapelketa egin dute.