Baserritarren egunak eta Euskal Herriko Gazta Txapelketak bat egingo dute igandean. Mahai ingurua ere egingo dute bihar arratsaldean igandekoaren harira
Datorren igandean, hilak 14, Idiazabalgo VII. Baserritarren Eguna ospatuko dute. Aurtengoan gainera, lehenengo aldiz, urrian egin ohi zuten Euskal Herriko Gazta Txapelketa ere egun berean egingo dute. Idiazabalgo Abeltzainen Elkarteak, Artzain Gaztak eta Udalak antolatu dute elkarlanean.
Atzo, prentsaurrean eman zituzten igandeko egitarauaren inguruko xehetasunak eta Jabier Jauregi Idiazabalgo lehenengo sektorearen dinamizatzaileak adierazi zuenez, «baserritarren lanaren eta bizimo- duaren erakusleiho izateko asmoarekin antolatutako ekintza da hau». Berak esan bezala, «gure larreak eta mendiak dauden bezala mantentzeko, behar-beharrezkoa da lehenengo sektorean aritzen direnen lana eta horretaz jabearazi nahi ditugu herritar guztiak».
Hala, Idiazabalgo nekazari eta abeltzainek beraien lana eta produktuak kalera atera eta herritarrei nahiz bisitariei erakusteko aukera izango dute igandean.
Egun osoko festa
Goizetik hasiko da festa, postuak eta erakusketak 09:00etarako zabalduko baitituzte. Frontoi zaharrean, herriko abeltzainen ganadu erakusketa jarriko dute. Plazan, bertako ekoizleen eta Ipar Euskal Herritik etorritakoen produktuak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izango da. Areto futboleko zelaian, berriz, garai bateko eta egungo lan tresnak eta makineria jarriko dituzte.
Eguerdian, txahal pintxoak jarriko dituzte salgai, eta 12:00etan, artaldea pasako da herrigunetik. 12:15ean herri kirol ikuskizuna egingo dute Txomenamen eta 14:30ean, bazkaria , udaletxe zaharreko arkupeetan.
Gaztaren Interpretazio Zentroak ere ateak zabalik izango ditu egun osoan zehar, bisitatu nahi duen ororentzat. 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita.
Gazta txapelketa
Aurten, baserritarren egunak eta gazta txapelketak bat egingo dute, eta horrela egiten duten lehena bada ere, gazta txapelketaren 35. edizioa izango da aurtengoa. Euskal Herriko Gazta Txapelketan, 40 gaztagile ariko dira lehian. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeetako lehiaketetan lehen hamar postuak lortutako gaztagileak sailkatzen dira, igandean Idiazabalen jokatuko den finalerako
Mahai ingurua bihar
Bihar, 18:00etan, mahai ingurua egingo dute udaletxean
Ardi Latxaren esne ekoizpenaren bilakaera eta ustiategien errentagarritasuna izenburupean.