Dagoeneko amaitu dituzte Ordiziko kaleetan egin beharreko zirkulazio aldaketak. Herri barruko zirkulazioa hobetzeko asmoz, Mugikortasun Iraunkorrerako I. Planean jasotako aldaketak dira azken asteotan egin direnak. Gaur gaurkoz, trafikoan eraginik izango ez duten pintatze lan batzuk egitea soilik falta da. Apirilaren 10ean eman zuten aldaketen berri prentsaurrean Iban Asenjo Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak eta Aitor Escalante udaltzainburuak.
Dagoeneko amaitu dituzte Ordiziko kaleetan egin beharreko zirkulazio aldaketak. Herri barruko zirkulazioa hobetzeko asmoz, Mugikortasun Iraunkorrerako I. Planean jasotako aldaketak dira azken asteotan egin direnak. Gaur gaurkoz, trafikoan eraginik izango ez duten pintatze lan batzuk egitea soilik falta da.
Apirilaren 10ean eman zuten aldaketen berri prentsaurrean Iban Asenjo Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak eta Aitor Escalante udaltzainburuak. Asenjok azaldutakoaren arabera, aldaketekin lortuko diren helburu nagusien artean dago Ordiziako sarrerak eta irteerak erraztearena. Baita, erdigunea zirkulazio aldetik arintzea, oinezkoen mesedetan; garraio publikoaren erabilerari lehentasuna ematea; eta Ordizia barruko aparkalekuak herritarrek erabiltzea lehenestea.
Euskal Herriko Itzulia eta Artzain Eguna pasa berritan, zirkulazio aldaketak egiten lanez lepo ibili da Aitor Escalante udaltzainburua. Azken bizpairu astetan, berriz, norabide aldaketak egin diren kaleak seinaleztatzen eta herritarrak informatzen aritu dira. Herritarren «haserrea» nabaritu duela dio berak; baina ziur da denborarekin aldaketetara ohitutakoan «hoberako» izan dela ikusiko dela.
Autoen ibilbidean aldaketa sakona egin da Ordizian. Nondik etorri da behar hori?
Aldaketa guztiak Mugikortasun Planean oinarrituta daude. Enpresa aditu batek egin zituen proposamenak eta udalak Ordiziarako egokiena zena aukeratu zuen. Moldaketa txiki batzuk egon dira, dena ezin zelako egin, baina planean jasota dagoena da.
Helburuen artean erdiguneko trafikoa arindu eta oinezkoentzat egokitzeko beharra aipatu dira.
Helburua oinezkoei lehentasuna ematea da, zalantzarik gabe. Udal honen iritziz, eta nire iritziz ere bai, hiriak oinezkoentzat dira, ez autoentzat. Erdigunea zabaldu nahi izan da Euskal Herri kale aldera, Gudarien etorbidera…
Orokorrean, edozein puntutaraino autoz joateko ohitura dago; Ordizian ere bai?
Bai, baina bi aldiz pentsatu beharko genuke hori egin aurretik. Autoen erabilera zentzudunagoa egin beharko genuke; ez kotxea hartu eta edozein lekura joan; eta ez pasa erdigunetik, pasatze soilagatik.
Nola erantzun dute ordiziarrek aldaketen aurrean?
Jendea oso haserre dago, eta ulertzekoa da, ohituta daude kale batetik gora edo behera joaten eta orain ezin dute. Emakume batek galdetu zidan ea bere etxera anbulantzia iritsiko ote zen; etxe guzietara iristen da, eta iritsiko da!
Zer esango zenieke bizilagunei udaltzainburu gisa?
Nik itxaroteko esango nieke, ohitu egin behar direla eta hemendik epe batera, hotzean, baloratzeko. Autoan eserita zoatz, neguan berogailuarekin eta udan haize egokituarekin. Oinez, berriz, minutu bat gehiago egin behar izatea zer da ba?
Zure ustez aldaketa hauek hoberako izango dira, hortaz?
Bai, noski. Oinezkoentzat asko hobetuko da erdigunea. Aldaketen benetako zentzua, benetako eraginkortasuna, Agerrebidea egiten denean ikusiko dugu. Urdaneta kalera handik sartu ahal izango gara; Eroskitik joan ordez, semaforoa asko gustatzen ez zaigunez, edo San Joanetik sartu eta erdigunea zeharkatu gabe.
Egin diren aldaketak aipatzearren, Gudarien etorbidekoa izan da potoloena, ezta?
Bai, eta horregatik utzi da azkenerako, jai egunak pasa ondorenerako. Goitik beherako norantza du orain. Kale Nagusitik datozen oinezkoen segurtasuna bermatuko da Euskal Herria kalea zeharkatzeko pasabidean.
Arana kalea ere zentzu bakarrean jarri da, hori Udaltzaingoaren aldarrikapena zen aspalditik. Ez zegoen bi auto batera pasatzeko lekutik. San Joango zeharbidea ireki zelako egin ahal izan da Arana kaleko aldaketa, Samperio kaletik autobiara irtetzeko.
Garagartza Plazaren inguruan ere moldaketak egin dira.
Ordizia kalea zentzu bakarreko jarri da eta taxi geltokia Garagartza Plazara eraman. Ezinezkoa da erdigunea plazarekin bat egitea, trafiko guztia hortik pasatzen delako. Baina gune horretan mugimendua arintzea eta oinezkoen segurtasuna bermatzea da nahi dena; eta lortu da.
Taxiak tren geltokian jartzeaz ere hitz egin zen, zer gertatu zen?
Gure hasierako asmoa hau zen, azkenean egin dena. Taxistek beraiek proposatu ziguten Ampuero kalekoa, eta ideia ona iruditu zitzaigun. Azoka asko izaten dira Ordizian eta beti mugitu egin behar dira, Ampueron ez dago arazo hori. Hala ere, azkenean beraiek izan dira Garagartza Plazan jarraitu nahi izan dutenak.
Aurreko fasetik martxan jarrita daude Urdanetaren erdi-oinezkotze lanak; zertan eragingo du?
Erdigunean egonda, oinezkoei begira egingo da obra hori, eta merkatarien mesedetan ere bai. Kotxeak bi ilaratan egoten ziren, eta espaloiak oso estuak ziren. Trafikoa kentzeko obra handiagoa egin beharko zen; eta erdibideko erabaki hori hartu zen.
Bidegorria eraikitzeko aparkalekuak galdu ziren arren, orain irabazi egin dira, ezta?
Zenbat galdu ziren ez dakit, baina, orain, 23 aparkaleku irabazi dira; Gudarien etorbideko aldaketarekin batez ere.
Baina aparkatzeko arazoa al dago?
Garagartza Plazan bertan aparkatu nahi baduzu, bai, arazoa dago. Baina osotasunean begiratuta, noski ezetz. San Bartolomen, erdigunetik hiru minutura, 300 plaza ditugu, eta soilik asteazken goizetan erabiltzen dira. Ikusten da San Bartolomeko aparkalekuari beldurra diogula. Estatistikek diote ez dela beste lekuetan baino lapurreta gehiago izaten; are gehiago, gutxiago izaten dira. Trenbide azpiko pasabideari ere beldurra dio jendeak; Udalak egin ditu argiztapenak eta egokitzapenak, baina ahal bada jendea ez da hara joaten.