Musika jardueraren inguruko hausnarketa burutuko dute Urretxun
Musika jardueraren gaineko hausnarketa abiaraziko du datorren astean Urretxuko Udalak. Hala eman dute ezagutzera gaur Iñaki Zabala Urretxuko alkateak eta Edurne Egaña Lehendakaritzarako eta Foru Administrazioko diputatuak prentsa agerraldi batean. Hausnarketak herrian arlo honetan eragile diren taldeekin batera burutuko dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kudeatuz egitasmoaren barruan kokatuko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak “kultura politiko berria” sustatu nahi duela azaldu du goizean Egañak, eta bide honetan herritarrak administraziotik “gertuago” egotea bilatzen dutela. Horretarako, hainbat herritan herritarren parte hartzea sustatzen duten prozesuak abiarazi dituzte, tokian tokiko gaiak jorratuz. Urretxun musika jardueraren inguruan egingo dute hausnarketa hori.
Prozesu honetarako, Udaletik musika arloan lan egiten duten hainbat talderekin jarri dira harremanetan, besteak beste, Goiargi abesbatza, Iparragirre balerdi musika tailerra, Musika Taldeen Mugimendua, Secundino Esnaola musika ikastetxea, txistulari elkartea, txalapartariak… Guztiei ere azaroaren 16an kultur etxean egingo den lehen bilerara joateko gonbitea luzatu die Udalak. Bilkura 19:00etan hasiko dute, eta bertan, azaldu dutenez, “udalerrian musika eragileen artean identifikatzen diren ahultasun eta indarguneak aztertzeaz gainera, etorkizunera begia zer nolako proiektu bideragarriak abiarazi daitezkeen eztabaidatuko da”.
Herritarren asebetetzea
Lanketa ordea ez da hor geldituko. Part hartze prozesu honekin batera herritarren asebetetze maila ere neurtuko baitute, etxeetara deituz egiten ari diren galdeketa batekin. Udal zerbitzuen inguruan herritarrek duten iritzia ezagutu nahi du Udalak honekin.