Lehenbiziko diskoa, ‘Antilla’, atera du Abarlotz Olano kantautore zaldibiarrak. Hamabi abestitan folk, pop eta rock ukituz plazaratu ditu sentimenduak, tradizioari emari pertsonal interesgarria jarriz.
Pozik da Abarlotz Olano (Zaldibia, 1980). Esku artean du bere lehen diskoa. Sentimenduei leku eginez osatu du Antilla, txikitan izan zuten behorraren omenez. Gitarra eta ahoko soinua lagun, kantautore tradizioa instrumentazio aipagarriarekin hornitu du, Mixel Ducau aitaponteko duela.
Lehen diskoa, Antilla, kalean da. Zer sentsazioarekin geratu zara?
Uste dut lehendabiziko diskoak ematen duela lanik gehiena, horregatixe, lehendabizikoa delako. Detaile txiki asko dira, eta bere denbora kentzen dute.
Noiz hasi zenuen zeure abestiak bildu eta argitaratzeko prozesua?
Beste kantautore batzuen abestiak kantatzen aritzen nintzen, eta ikusita barruan esan nahia banuela, beti besteenak abestu gabe erabaki nuen diskoa egitea. Kopiatzen duena hil egiten da, eta sortzen duena bizi da; lelo horrekin eta barruko senetik kantuak sortzen hasi nintzen. Harreman batzuk izan nituen, lehen abestia eskale bati eskaini diot, gure baserriko animali bati, nire lagun handi Hodei Galarraga zenari… Pasatu zaizkidan gauzei dedikatuak dira. Ez naiz ni bakarrik, gehiago ere badira mundu honetan eta haiei eskaini diet.
Barruko sentimenduak kanporatzeko bidea duzu kantagintza. Horiek ateratzeko behar handia sentitzen duzu?
Barrutik ateratzen den gauza bat da, eta hori ez dago hola eta hola uzterik. Nahi gabe ere askotan ateratzen dira abestiak.
Antilla izena jarri diozu diskoari. Zuen baserriko abere bat zen, ezta?
Bai, behorra zen. Txikitatik ezagutu nuen. Gaizki zegoenean nagusiak ez zuen horretaraino ere ondo zaintzen. Aurreneko momentutik izugarrizko ilusioa egin zidan abere hark, eta guk hartu genuen. Guk hura sendatu arren, azkenean hark sendatu nau ni. Animalia baten balorea izugarria da, mila pertsonak eman diezazuketena baino sentimendu gehiago eman diezazuke. Ezohikoa da.
Diskoan sentimenak pisu handia du.
Niretzako bai, sentimenduak dira. Neure barru-barrutik ateratakoa da, eta abesti sentikorrak badaude, bai.
Zure musika iturriak aitona eta osaba Xapre lirateke?
Alderdi ona hori izan dut, etxean izan dut Xapre bezalako musikari bat, osaba. Hark ibili nau Iparraldera, hara eta hona, leku asko ezagutu ditut. Musika berekin konpartitzeko aukera izan dut. Pixkanaka neuretzat gehiena zen musikarekin hasi nintzen, folk-pop girokoa, kantautore bezala gitarrarekin; beste giro bat da. Xapreren bitartez ezagutu ditut Mixel Ducau, udan Erramun Martikorenak deitu zidan Iparraldean berekin aritzeko… Ilusionatuta nago.
Iparraldea eta Mixel Ducau aipatu dituzu. Zutabe garrantzitsu dira bi horiek zure musikan?
Asko xurgatu dut horiengandik. Txiki-txikitatik Benito Lertxundi, Martikorena, Ducau… oso sakratuak izan dira, sustraiak dira. Euskal Herrian handiak dira. Beraiengandik asko ikasten da. Mixelekin konpartitu ditut abesti batzuk, eta izugarria da.
Berriz ere kantautore figura plazaratu duzu. Gaur egun gutxi zarete.
Kantautorea oso egiazkoa da. Pertsona batek gitarrarekin eta armonikarekin abestea oso gordina da, naturala. Kantautoretasunari ere eskaini nahi izan diot, lan batzuk eginez. Askotan talde handi bat ez da behar, norberak behar du abilidade bat bakarrik abestuz eta gitarrarekin sortzeko. Aberastasun handia da bakarrik aritzea ere.
Ezkontzetan-eta ere aritzen zara lagun batekin. Zer moduz lana?
Ordizian bizi den Victor Lezama nikaraguarrak asko laguntzen dit. Harekin aritzen naiz gehienbat. Beharraren arabera musikari bat gehiago ere joaten gara. Batetik bestera ibiltzen gara. Diskoa jendeari gehixeago entzuteko aukera ematea da, beste pauso bat.
Esana duzu abeslari izatea barrutik ateratzen den amets zoragarria dela. Zer suposatuko du zure ibilbidean disko honek?
Disko honetan neure sentimenduak oso ondo espresatuta ikusten ditut. Ez da erraza. Azkenean handi izaten diren detaile txikiekin ere oso gustura geratu naiz. Lezamarekin, Mixel Ducaurekin lan egin dut, eta oso gustura nago. Beasaingo Pottoko estudioan grabatu genuen, Fredi Pelaezekin.
Hamabi abesti sartu dituzu Antilla lanean. Banaketa eta salmenta nola egingo duzu?
Elkarrek eramango du banaketa, eta dagoeneko inguru hauetara ekartzen hasiak behar dute. Zaldibian salgai dago, eta inguruan oso ondo hartu du jendeak. Gai aldetik denetarik dago: eskale batekin izan nuen elkarrizketa, etorkinek bizimodua aurrera ateratzeko hona etorrita egiten duten lana, Hodei Galarraga txikitako lagunari eskainitakoa, txori txiki batek niri abestu zidana kantatzen dut… Estilo aldetik folk eta pop artean dago, kantautore moduan. Rocka ere sartzen da Ducaurekin… Aldaketa handiak daude.