Bostehundik gora goierritarrek parte hartu dute Behobia-Donostian
Hamazazpi mila lagunek parte hartu zuten igandeko Behobia-Donostia proban eta urtero bezala, hainbat goierritarrek parte hartu zuten kirolzaleen urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa bihurtu den lasterketa honetan. Guztira, 516 izan dira helmugan sartu diren goierritarrak, iaz baino 43 lagun gehiago. Korrikalari kopururik handiena Beasainek izan du, 100 lagunekin.
Jose Antonio Blanco Txuri izan zen helmugan sartzen lehen gizonezko goierritarra. Ordubete, bost minutu eta 36 segunduko denbora behar izan zuen bere lana bukatzeko eta sailkapen orokorrean hamargarren egin zuen.
Emakumezkoetan berriz, helmugan sartzen lehendabiziko goierritarra, Elena Calvillo izan zen. Ordubete, hogeita bi minutu eta zortzi segunduko denbora egin zuen eta denbora horrek zazpigarren postua eman zion sailkapen orokorrean.
Eguraldi hezea
Behobia-Donostiako parte hartzaileek ia hasieratik euria izan zuten lagun eta gune batzuetan haizea ere bai kontrako noranzkoan. Bukaeran hotza igaro zuenik ere izan zen. Dena den, korrikalari batek baino gehiagok aitortu zuen eguraldi hezea eta hotza nahiago duela hego haizea baino.
Korrikalariek ez ezik ikusleek ere tinko eutsi zioten espaloiaren bi alboetan eta aterkiak eskuetan, senitartekoak eta lagunak animatzeko aprobetxatu zuten.
Parte hartzailei eta ikuslei esker sortutako giroa urteroko moduan oso ona izan zen, baina azken momentuan 40 urteko bizkaitarraren heriotzak ilundu egin zuen kirol proba. Dena den, hainbat korrikalarik ez zuen gertaera horren berri izan arratsaldera edo gauera arte.