Ibilgailu guztiek ordaindu beharko dute bidesaria Deskargan
Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, 2013. urtetik aurrera ibilgailu guztiek ordaindu beharko dute bidesaria Deskargan. Neurri honekin bi helburu lortu nahi dituzte. Batetik, Urretxu eta Bergara arteko bide zatia ordaintzeko dirua bilduko dute eta bestetik, Etxegarateko ordainlekua saihestu nahi duten kamioiak bide berri honetara etortzea ekidin nahi dute, GI-623 errepidea N1 errepidearen alternatiba izan dadin eragotziz.
Eneko Goia Errepide Azpiegituren diputatuak azaldutakoaren arabera, Gipuzkoan errepideak finantzatzeko modu bakarra “erabiltzaileei kobratzea da”. Beasain eta Zumarraga arteko zatia Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontutik ordaindu zuten. Hurrengo zatian, Urretxu eta Bergara artekoan, aurrekontua 170 milioi eurora igo da. Deskargako ordainlekuak lan hauek finantzatuko ditu. Lanak 2013 urterako amaitu nahi dituzte.