Jubilatuen Antzerki Topaketa, aurten laburragoa
Urretxuko eta Zumarragako jubilatu elkarteek IV. Antzerki Topaketa egingo dute aste honetan. Aurtengoan bi emanaldi bakarrik hartuko ditu Topaketak, Pablo Santillan Irri Makila antzerki taldeko zuzendariaren arabera «urtero talde berdinak ekarri ditugu eta errepikakorra ez bihurtzearren, aurten Otxarkoagako taldea gonbidatu dugu bakarrik».
Lehenengo emanaldia etzi izango da. Urretxuko Aterpe eta Zumarragako Gure Txoko eta El Salvador jubilatuen elkarteko kideek osatutako Irri Makila taldeak On Kixoteren adaptazio bat eskainiko du. Pablo Santillanek egin du moldaketa eta 18:00etan hasiko da Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Bigarren emanaldia Urretxuko Labeaga aretoan izango da ostegunean, hilak 18an, 18:30ean. Otxarkoagako (Bizkaia) Beti Gazte jubilatu taldeak lau antzezlan eramango ditu Labeagako oholtzara. Emanaldi guztiak gaztelaniaz izango dira. «Ez dira jubilatuei bakarrik zuzendutako ikuskizunak, herritar guztiak gonbidatuta daude», amaitu du Santillanek.