Beasain eta Ordizia arteko tunela ireki dute AHTko lanetan
Abiadura Handiko Trena igarotzeko tunela ireki dute gaur goizean Beasain eta Ordizia arteko zatian. Beasaingo Loinazko San Martin baseliza ondoko ahotik kilometro batera ireki dute zuloa. Beasain eta Ordizia arteko zatiak 2.159 metro ditu eta lanak orain urte bete hasi ziren, 2009ko azaroan. Lanak amaitzeko 32 hilabeteko epea dago, baina Iñaki Arriola Garraio sailburuak jakitera eman duenez, “lan hauek aurreikusi baino zazpi hilabete lehenago amaitu ditugu”. Aipatutako zatiaren gehiengoa tunela izango da, ia bi kilometro, eta gainontzeko metroak Usurbe eta Mariaratz errekak igarotzeko zubien gainetik egingo ditu trenak. Beasaingo zatiak guztira bost tunel eta lau zubi izango ditu. Ordiziako aldetik hasita Mariaratz erreka igarota izen bereko tunela zeharkatuko du lehenik AHTk, ia bi kilometro luzekoa. Usurbe ibaia zeharkatuta berriro tunelean sartuko da 347 metro. Loinatz eta Itola dira Beasaingo zatiko bigarren eta hirugarren tunelak, 347 eta 201 metrokoak hurrenez hurren. Arriarango tunela izango da laugarrena, 467 metrokoa, eta handik Ezkio-Itsaso aldera jarraituko du trenak. Beasain eta Ezkio arteko lanak “aurki” hasiko direla iragarri dute. Eskualdean Beasain mendebaldeko zatian, Ordizia eta Itsasondo artean eta Legorretan ari dira egun lanean. Ezkio eta Antzuola arteko lanak berriz, lizitazio prozesuan daude. Hala, 2011n hamairu zatitan ariko dira lanean Eusko Jaurlaritzatik zehaztu dutenez, “Gizpukoako zatiko [...]
Abiadura Handiko Trena igarotzeko tunela ireki dute gaur goizean Beasain eta Ordizia arteko zatian. Beasaingo Loinazko San Martin baseliza ondoko ahotik kilometro batera ireki dute zuloa. Beasain eta Ordizia arteko zatiak 2.159 metro ditu eta lanak orain urte bete hasi ziren, 2009ko azaroan. Lanak amaitzeko 32 hilabeteko epea dago, baina Iñaki Arriola Garraio sailburuak jakitera eman duenez, “lan hauek aurreikusi baino zazpi hilabete lehenago amaitu ditugu”. Aipatutako zatiaren gehiengoa tunela izango da, ia bi kilometro, eta gainontzeko metroak Usurbe eta Mariaratz errekak igarotzeko zubien gainetik egingo ditu trenak.
Beasaingo zatiak guztira bost tunel eta lau zubi izango ditu. Ordiziako aldetik hasita Mariaratz erreka igarota izen bereko tunela zeharkatuko du lehenik AHTk, ia bi kilometro luzekoa. Usurbe ibaia zeharkatuta berriro tunelean sartuko da 347 metro. Loinatz eta Itola dira Beasaingo zatiko bigarren eta hirugarren tunelak, 347 eta 201 metrokoak hurrenez hurren. Arriarango tunela izango da laugarrena, 467 metrokoa, eta handik Ezkio-Itsaso aldera jarraituko du trenak. Beasain eta Ezkio arteko lanak “aurki” hasiko direla iragarri dute.
Eskualdean Beasain mendebaldeko zatian, Ordizia eta Itsasondo artean eta Legorretan ari dira egun lanean. Ezkio eta Antzuola arteko lanak berriz, lizitazio prozesuan daude. Hala, 2011n hamairu zatitan ariko dira lanean Eusko Jaurlaritzatik zehaztu dutenez, “Gizpukoako zatiko %56,53an”. Eusko Jaurlaritzak 275 miloi euro bideratuko ditu datorren urtean AHTren lanak egitera, aurten baino 50 milioi euro gehiago.