Dibertsifikaziorako eta berritzeko aukerak landuko dituzte Urola Garaiako enpresek eta Teknaliak
Uggasa Urola Garaiko garapen agentziak plastiko, konposite, zeramika eta metal-mekanikaren alorrean lan egiten duten enpresei zuzendutako Eitek: Teknologia eta enpresak lan saioak antolatu ditu. Enpresen eta Teknaliako ikerlarien arteko jardunaldietan dibertsifikaziorako eta berritzeko aukeren inguruan lan egingo dute. Osasuna, aeronautika eta energia berriztatzaileen sektore emergenteetan bilatuko dituzte aukera horiek. “Enpresak lehiakorragoak bihur ditzaketen bideak jorratuko ditugu” dio Iosune Telleria Uggasako teknikariak.
Bi jardunaldi izango dira. Lehenengoa abenduak 2an eta bigarrena datorren urteko martxoan. Osasun-merkatuari begiratuko diote abenduko lan saioan eta aeronautikari eta energia berriztatzaileei martxoko jardunaldian. Hamabost bat enpresetarako tokia dago. Informazio gehiago biltzeko Uggasara deitu daiteke: 943725829/30.