Errezil sagarra, bikaina eta ugaria Gabirian
Atzo, igandea, ospatu zen Gabirian errezil sagarraren eguna. Hamargarren urtez lehiaketa egin zen, herriko 16 baserritatik aurkeztu zituzten bina saskikada sagarrekin. Bestetik, seigarren aldiz sagar-goxo edo menbrilu lehiaketa ere izan zen. 15 partaid...
Atzo, igandea, ospatu zen Gabirian errezil sagarraren eguna. Hamargarren urtez lehiaketa egin zen, herriko 16 baserritatik aurkeztu zituzten bina saskikada sagarrekin. Bestetik, seigarren aldiz sagar-goxo edo menbrilu lehiaketa ere izan zen. 15 partaide izan zituen.
Berrikuntza batzuk egin dizkiote egunari Gabiriako Udalak eta Erbie antolatzaileek. Batetik, lehiaketa kutsua ezabatze aldera ez dute sailkapenik zehaztu sagar sariketan. Lau onentsuenak saritu dituzte, denak berdin. Itsasoko Pott tailerreko zeramikazko eskultura bana eta diru-saria jaso zuten lau lehenek: Pakea Galdos (Etxeberritxo), Anttoni Murgiondo (Bekoetxe), Jose Mari Mujika (Noare) eta Xabier Arratibel (Urkiola).
Menbrilu lehiaketa Katarain baserriko Pedro Iztuetak aurkeztutakoak irabazi du.
Bestetik, baserriko produktuen azoka ere izan zen atzo Gabirian. 11 postu jarri zituzten. Euriagatik plazan karpa muntatu zuten, eta eliz atarian jarri zituzten salpostuak.