‘Lotsati’ olerkariaren bizitza eta lana liburuan argitaratu dute
Gurutz Sarasola Martinez Lotsati (Itsasondo, 1915 – Donostia, 1936) olerkari itsasondoarraren biografia eta olerkiak liburuan atera dituzte. Gaur eguerdian aurkeztu dute Ilunpetik argira. Olerkiak (1935-1936) lana Itsasondoko udaletxean. Alvaro Rabelli filologo basauriarrak egin du liburua, eta Alberdania etxeak argitaratu du. Gerra aurreko olerkigintza aberatsaren testuingurua osatzeko balioko pertsonaia da Lotsati, gaur Ibon Sarasola euskaltzainak aitortu duenez. Bizitza eta idazkuntza laburra izan zuen itsasondoarrak, baina 1935eko uztailetik 1936ko otsail-martxora El Dia egunkarian eta beste hainbat agerkaritan argitaratu zituen olerkiekin bere burua ezagutarazi zuen. Ilunpetik argira liburuak bi atal nagusi ditu, 120 orrialdetan. Batetik, bere burua 20 urte zituela trenbidera botata bizitza eten zuen poetaren datu biografikoak bildu ditu Rabellik. Bestetik, gerra aurreko prentsan argitaratutako poemekin, eta ezkutuan zeuden beste batzuekin Lotsatiren lan literarioa apailatu du. 25 olerki ditu. Literatura moldeari dagokionez, olerkia idatzen zuen gehienbat. “Garai hartako idazle guztiak bezala euskara eta Euskadi goretsiz hasi zen idazten. Baina abailduta zegoen pertsonalki, eta zenbat eta abailduago egon, orduan eta olerki hobeak idatzi zituen”, esan du Rabellik. Ideologiaz –baserria, hizkuntza, erlijioa, aberria…– eta maitasunaz egin zituen poemak. “Oso pertsona barnerakoia, apala eta sentibera aurkitu dut. Euskara eta literatura zituen helburu, eta biak bateratu egin zituen garai hartarako jada”. Lotsati, Itsasondoko arbel meategien jabe [...]
Gurutz Sarasola Martinez Lotsati (Itsasondo, 1915 – Donostia, 1936) olerkari itsasondoarraren biografia eta olerkiak liburuan atera dituzte. Gaur eguerdian aurkeztu dute Ilunpetik argira. Olerkiak (1935-1936) lana Itsasondoko udaletxean. Alvaro Rabelli filologo basauriarrak egin du liburua, eta Alberdania etxeak argitaratu du. Gerra aurreko olerkigintza aberatsaren testuingurua osatzeko balioko pertsonaia da Lotsati, gaur Ibon Sarasola euskaltzainak aitortu duenez. Bizitza eta idazkuntza laburra izan zuen itsasondoarrak, baina 1935eko uztailetik 1936ko otsail-martxora El Dia egunkarian eta beste hainbat agerkaritan argitaratu zituen olerkiekin bere burua ezagutarazi zuen. Ilunpetik argira liburuak bi atal nagusi ditu, 120 orrialdetan. Batetik, bere burua 20 urte zituela trenbidera botata bizitza eten zuen poetaren datu biografikoak bildu ditu Rabellik. Bestetik, gerra aurreko prentsan argitaratutako poemekin, eta ezkutuan zeuden beste batzuekin Lotsatiren lan literarioa apailatu du. 25 olerki ditu. Literatura moldeari dagokionez, olerkia idatzen zuen gehienbat. “Garai hartako idazle guztiak bezala euskara eta Euskadi goretsiz hasi zen idazten. Baina abailduta zegoen pertsonalki, eta zenbat eta abailduago egon, orduan eta olerki hobeak idatzi zituen”, esan du Rabellik. Ideologiaz –baserria, hizkuntza, erlijioa, aberria…– eta maitasunaz egin zituen poemak. “Oso pertsona barnerakoia, apala eta sentibera aurkitu dut. Euskara eta literatura zituen helburu, eta biak bateratu egin zituen garai hartarako jada”. Lotsati, Itsasondoko arbel meategien jabe zen Sarasola familiako kidea, 12-13 urte zituela joan zen sendiarekin Donostiara bizitzera. Amara Zaharrean Jose Ariztimuño Aitzol apaiz euskaltzalea bizi zen etxearen goiko pisuan jarri ziren. Aitzolen bidez hasi zen El Dia egunkarian idazten. Ekin, Argia, Euskadi eta garai hartako beste agerkari batzuetan ere atera zizkioten idazlanak. Goierriko hizkera zerabilela gogoratu du gaur Lotsatiren anaia gazteen Joakin Sarasolak. “Idazle bezala ona ala txarra zen alde batera utziz, gerra aurreko olerkigintzan handien atzetik berriak, gazteak, idazle gehiago ere bazetozela adierazten du Lotsatik. Belaunaldi haren argazki osoagoa egiteko balio du. Oraindik halako idazle asko falta dira ikertzeko eta ateratzeko, gainera”, adierazi du Rabellik, Lotsatiren balioaz mintzatzerakoan.