Maider Gonzalez: «Gaur egun dugun baliorik garrantzitsuena koherentzia da»
Gipuzkoako Gurutze Gorria garatzen ari den proiektu orokorrago batean txertatutako Bizikidetzarako ariketak hitzaldi-tailerra emango du asteartean Ordiziako Barrenan, 18:30ean, Maider Gonzalez Garmendia (Ikaztegieta, 1976) Gurutze Gorriko psikologoak. Elkarbizitzarako ariketak Gurutze Gorriak sustatutako proiektu orokorrago baten parte dira. Zein dira proiektu orokor horren ezaugarriak? Osasun Komunitarioaren Sustatzailea eta Atari Solidarioa izena du proiektuak. Orain ari gara konturatzen gizartea oso azkar doala, eta ez dakigula benetako partaidetza aurrera nola eraman. Ez gara gai gizartearen arazoak eta beharrak antzemateko, eta hori irauli nahi dugu. Irizpide sozialeko partaidetza eredua sustatzea da proiektuaren filosofia. Eta nola irauli joera hori? Gu 2005etik ari gara ekimen honekin, eta zortzi herritan ari gara lanean, tartean, Beasainen. Helburua portaera positiboak balioan jartzea da, eta balio horiek gazteei erakustea. Egiten ez badugu alferrik esango dugu bizikidetza galtzen ari dela. Gazteekin ez dugu jakiten hizkuntza egokia erabiltzen, baina elkar ulertzeko sentimenduen hizkuntzara joan behar dugu. Hizkuntza hori unibertsala da, eta hizkuntza hori denok ulertzen dugu. Gazteari erakutsi egin behar zaio laguntzeko jarrera izatea garrantzitsua dela. Baina zer dira zehazki bizikidetzarako ariketak? Bizitzarako beharrezkoak diren gaitasunak hartzea dira ariketa horiek. Poliki-poliki joatea, norberak bere bizitza kontrolatzea, eta erabakiak kontzienteki hartzea gauzek hobera egin dezaten. Gizartea gero eta azkarrago doala gauza jakina da. [...]
Gipuzkoako Gurutze Gorria garatzen ari den proiektu orokorrago batean txertatutako Bizikidetzarako ariketak hitzaldi-tailerra emango du asteartean Ordiziako Barrenan, 18:30ean, Maider Gonzalez Garmendia (Ikaztegieta, 1976) Gurutze Gorriko psikologoak.
Elkarbizitzarako ariketak Gurutze Gorriak sustatutako proiektu orokorrago baten parte dira. Zein dira proiektu orokor horren ezaugarriak?
Osasun Komunitarioaren Sustatzailea eta Atari Solidarioa izena du proiektuak. Orain ari gara konturatzen gizartea oso azkar doala, eta ez dakigula benetako partaidetza aurrera nola eraman. Ez gara gai gizartearen arazoak eta beharrak antzemateko, eta hori irauli nahi dugu. Irizpide sozialeko partaidetza eredua sustatzea da proiektuaren filosofia.
Eta nola irauli joera hori?
Gu 2005etik ari gara ekimen honekin, eta zortzi herritan ari gara lanean, tartean, Beasainen. Helburua portaera positiboak balioan jartzea da, eta balio horiek gazteei erakustea. Egiten ez badugu alferrik esango dugu bizikidetza galtzen ari dela. Gazteekin ez dugu jakiten hizkuntza egokia erabiltzen, baina elkar ulertzeko sentimenduen hizkuntzara joan behar dugu. Hizkuntza hori unibertsala da, eta hizkuntza hori denok ulertzen dugu. Gazteari erakutsi egin behar zaio laguntzeko jarrera izatea garrantzitsua dela.
Baina zer dira zehazki bizikidetzarako ariketak?
Bizitzarako beharrezkoak diren gaitasunak hartzea dira ariketa horiek. Poliki-poliki joatea, norberak bere bizitza kontrolatzea, eta erabakiak kontzienteki hartzea gauzek hobera egin dezaten.
Gizartea gero eta azkarrago doala gauza jakina da. Horrelako ekimenak martxan jartzeko gero eta behar handiagoa al dago?
Erritmo horrek gure bizitzaz pentsatzeko eta hausnartzeko gaitasuna baldintzatzen du, murriztu egiten du. Jakin behar duguna da pertsonok elkarren beharra dugula, aurrera egin behar dugula eta dauzkagun beldurrak gainditu behar ditugula.
Bide horretan, norberak bere burua ezagutzea ezinbesteko jotzen duzu.
Lortu behar dena norberak bere borondatea barruan edukitzea, baina nork bere burua babesten ikasiz. Bakoitzak bere burua babesteko era asko daude, eta horien artean daude hamar gaitasun hauek. Gaur egun daukagun baliorik garrantzitsuena koherentzia da. Sentitu, pentsatu eta egiten duzunaren artean koherentea bazara, indar izugarria edukiko duzu aurrera egiteko.
Eta ezinbesteko bigarren ezaugarria besteen lekuan jartzen ikastea da, enpatia, alegia.
Pertsonen arteko gatazkak daudenean bi ezaugarri horiek garrantzia handia dute, eta horregatik nabarmentzen ditut. Gatazka asko hortik datoz, zure burua ez ezagutzetik eta besteen lekuan ez jartzetik. Horrek asko aberasten du pertsona.
Esperientziak eta urteek ematen al dute jarrera hori?
Ez, txikitatik dator, heziketaren parte da. Orain dela hilabete pare bat jakin da geneetatik datorrela altruismoaren zentzua, hau da, zerbait egitea ezeren truke.
Nola planteatu behar duzu tailerra?
Harreman esanguratsuak finkatzeko eta harreman kaltegarriak amaitzeko gai izateko baliabideak erakutsiko ditugu era praktiko eta bisual batean. Hamar gaitasunak erakutsiko ditugu tresna ezberdinak eta adibide sinpleak erabiliz: erabakiak hartzeko aukerei buruz, pertsonen arteko harremanei buruz, nork bere burua ezagutzeari buruz… ariko gara. Ordu eta erdi iraungo du.
Eta zein da tailerraren helburua? Zein da mezu nagusia?
Gaur egun bizikidetza balio oso garrantzitsua dela jabetzea da lehen helburua, eta bigarrena, elkarbizitzen ikasteko jarrera eduki behar dela, irakurtzen ikasteko eduki dugun jarrera bezalaxe.