Jende ugari bildu du San Andres Egunak Ormaiztegin
Gaur San Andres Egunak jende ugari bildu du Ormaiztegin eta festa giroa izan da nagusi egun osoan. Goizean Txindata musika eskolako txistulariek herriko kaleak zeharkatu dituzte. Eguerdiko hamabietan Urmaiz abesbatzak abestutako meza izan da eta ondoren, Ormaiztegiko Udalak Baso-Txulo elkartearen laguntzarekin hamaiketakoa zerbitzatu du herriko plazan. Hotz egiten zuen eta primeran sartu dira salda beroa, txorixo egosia eta odolkia. 13:15etik aurrera eta urteroko moduan, Juanjo Sagastibeltza aurkezle lanetan zela, herri kirol jaialdia egin dute. Jende multzoa bildu da plazako karpan. Aizkolariak Angel Arrospidek eta Xabier Elorriagak osatutako bikote beteranoak, Jesus Mari Mujika eta Xabi Zalduaren aurka neurtu dituzte indarrak aizkoran. Lehenengo bikote bakoitzak, etzandako enbor bat eta zutikako beste bat ebaki behar izan ditu. Fresko hasi dira lauak, baina denbora apur bat igaro ondoren, helduek abantaila atera diete gazteei. Angel Arrospidek eta Xabier Elorriagak hiru minutu eta hemeretzi segunduko denbora behar izan dute beraien lana bukatzeko. Jexus Mari Mujikak eta Xabi Zalduak berriz, hiru minutu eta 44 segundu igaro dituzte bi enborrak ebakitzen. 25 segunduko aldea atera diete beraz, helduek gazteei. Bigarren proban kanaerdiko lau enbor eta 60 ontzako beste lau ebaki behar izan dituzte bi bikoteek. Lehen bueltan, helduek zazpi minutu eta hogei segunduko denbora egin dute eta gazteek [...]
Gaur San Andres Egunak jende ugari bildu du Ormaiztegin eta festa giroa izan da nagusi egun osoan.
Goizean Txindata musika eskolako txistulariek herriko kaleak zeharkatu dituzte. Eguerdiko hamabietan Urmaiz abesbatzak abestutako meza izan da eta ondoren, Ormaiztegiko Udalak Baso-Txulo elkartearen laguntzarekin hamaiketakoa zerbitzatu du herriko plazan. Hotz egiten zuen eta primeran sartu dira salda beroa, txorixo egosia eta odolkia. 13:15etik aurrera eta urteroko moduan, Juanjo Sagastibeltza aurkezle lanetan zela, herri kirol jaialdia egin dute. Jende multzoa bildu da plazako karpan.
Aizkolariak
Angel Arrospidek eta Xabier Elorriagak osatutako bikote beteranoak, Jesus Mari Mujika eta Xabi Zalduaren aurka neurtu dituzte indarrak aizkoran. Lehenengo bikote bakoitzak, etzandako enbor bat eta zutikako beste bat ebaki behar izan ditu. Fresko hasi dira lauak, baina denbora apur bat igaro ondoren, helduek abantaila atera diete gazteei. Angel Arrospidek eta Xabier Elorriagak hiru minutu eta hemeretzi segunduko denbora behar izan dute beraien lana bukatzeko. Jexus Mari Mujikak eta Xabi Zalduak berriz, hiru minutu eta 44 segundu igaro dituzte bi enborrak ebakitzen. 25 segunduko aldea atera diete beraz, helduek gazteei.
Bigarren proban kanaerdiko lau enbor eta 60 ontzako beste lau ebaki behar izan dituzte bi bikoteek. Lehen bueltan, helduek zazpi minutu eta hogei segunduko denbora egin dute eta gazteek berriz, zazpi minutu eta 24 segunduko denbora. Bigarren bueltan ordea, gazteek aurre hartu diete helduei. Azkenik, Mujikak eta Zalduak hamalau minutu eta 59 segunduko denbora egin dute eta helduek berriz, 15 minutu eta 48 segunduko denbora.
Aizkolariez gain, Mieltxo Saralegi harri jasotzaileak ere egin du erakustaldia. 100 kiloko zilindroari hamar jasoaldi eman dizkio 49 segundutan. 200 kiloko laukiluzea lau aldiz altxatu du bi minutu eta segundu bateko denboran. 250 kiloko laukiluzeari altxaldi bakarra eman dio 18 segundutan eta saioari bukaera emateko berriz, 100 kiloko bolari heldu dio. Minutu bat eta 18 segundutan eduki du airean eta tarteka lepoaren inguruan zenbait buelta eman dizkio. Txalo artean agurtu dituzte ikusleek kirolariak.
Arratsaldeko zazpietan bertso jaialdia egingo dute Zubipe kiroldegian, Amets Arzallus, Julio Soto, Aitzol Barandiaran eta Maialen Lujanbio lagun hartuta. Saio horrekin emango diote bukaera aurtengo San Andres jaiei