Arkakako sakonean, Amundarain erreka sortzen denetik Zaldibiako herrigunerako bitartea hartzen duen natura biziko haranean festa ospatuko dute igandean. Santa Barbara eguna da larunbatean, Zaldibiako Aiestaran Erreka bailaran tradizio sustraitua duena. Urteroko eskaintza egiteaz gain, auzotarrek orain 17 urtetik ohitura den festa prestatu dute. Aralarren beso hezea da Aiestaran Erreka bailara, ur-jauzien, lasterren eta haitzarteen parajea. Hondoan zelai lasaietan zabal bukatzen da ibarra. «Aistra Erreka deitzen diogu guk. Historia berezia du auzoak, urarekin zerikusi handia duena», dio Inazio Goena auzotarrak. Amundarain erreka emaritsuagatik eta hari esker. Hamazazpi baserri ditu auzoak, eta denek zuten garai batean izengoitia. Hiru udalerritan banatuta daude, nahiz gehienak Zaldibiakoak diren eta denek harako joera duten. Haranaren buruan dagoen Kobaegi (Koai) Ataungo lurretan dago, adibidez; Lazkaoetxe, Lazkaon. «Aierdi etxe zaharra ere Lazkaokoa zen, baina 1921ean erre eta Zaldibiara pasatu zuten berria», gogoratu du Goenak. Eskolara Lazkaora joan zen Inazio Goena bera, «bizikletan». Uraren indarra baliatuz Arkakako sakonak sona handiena zentral hidroelektrikoagatik izango du ziurrenik, eta harako ura biltzeko deposituengatik. Pikota eta Andurio mendien artean sortzen den Amundarain ibaiak elikatu izan ditu aurten justu 100 urte bete dituen zentraleko bi turbinak. «Nazedero deitzen diogun erreka sorburuan hasten da ubide bat, hiru kilometro ingurukoa. Bestea Egiluzeko presan». Ura deposituetara bideratzen [...]
Arkakako sakonean, Amundarain erreka sortzen denetik Zaldibiako herrigunerako bitartea hartzen duen natura biziko haranean festa ospatuko dute igandean. Santa Barbara eguna da larunbatean, Zaldibiako Aiestaran Erreka bailaran tradizio sustraitua duena. Urteroko eskaintza egiteaz gain, auzotarrek orain 17 urtetik ohitura den festa prestatu dute.
Aralarren beso hezea da Aiestaran Erreka bailara, ur-jauzien, lasterren eta haitzarteen parajea. Hondoan zelai lasaietan zabal bukatzen da ibarra. «Aistra Erreka deitzen diogu guk. Historia berezia du auzoak, urarekin zerikusi handia duena», dio Inazio Goena auzotarrak. Amundarain erreka emaritsuagatik eta hari esker.
Hamazazpi baserri ditu auzoak, eta denek zuten garai batean izengoitia. Hiru udalerritan banatuta daude, nahiz gehienak Zaldibiakoak diren eta denek harako joera duten. Haranaren buruan dagoen Kobaegi (Koai) Ataungo lurretan dago, adibidez; Lazkaoetxe, Lazkaon. «Aierdi etxe zaharra ere Lazkaokoa zen, baina 1921ean erre eta Zaldibiara pasatu zuten berria», gogoratu du Goenak. Eskolara Lazkaora joan zen Inazio Goena bera, «bizikletan».
Uraren indarra baliatuz
Arkakako sakonak sona handiena zentral hidroelektrikoagatik izango du ziurrenik, eta harako ura biltzeko deposituengatik. Pikota eta Andurio mendien artean sortzen den Amundarain ibaiak elikatu izan ditu aurten justu 100 urte bete dituen zentraleko bi turbinak. «Nazedero deitzen diogun erreka sorburuan hasten da ubide bat, hiru kilometro ingurukoa. Bestea Egiluzeko presan». Ura deposituetara bideratzen da, eta metalezko hodien bidez jaisten da indarrean zentraleraino.
Beasaingo CAFek eraiki zuen zentrala. «Mantenimenduko materiala idi-gurdiekin eramaten ikusita nago mutikotan. Artean ez zen errepiderik. Bidea 1954an hasi ziren irekitzen, eta 1957-58an bukatu zuten, lehenengo zentral pareraino eta gero Egiluzera».
Fabrika Haundiak Zaldibiako ura aprobetxatzearen truke herriari pilotalekua «opari» egin zion, Goenak dioenez. Zubieta eta Olakoerrota errotentzat ur emaria ziurtatzeko zentral azpian presa ere eraiki zuen, Amundarain errekaren urak biltzeagatik agortzen zenerako.
Urak bere bidean segitzen du gaur egun ere Aiestaran Errekan. Igandean, hori bai, festa eta guzti.
Ekaitzen eta uholdeen aurkako babesa
Aiestaran Errekako zaindaria Santa Barbara izatea ez dirudi kasualitatea denik. Trumoi-tximista, ekaitz eta uholdeetatik babesteko dohaina aitortzen dio erlijio kristauak Santa Barbararii, eta ura alde guztietatik darion bailaran antzinatik diote auzotarrek debozioa. Aiestaran Goena baserriaren parean dago aldare edo kapera txikia, txukun zaindua. «1991n egina da, Emeterio Sorazu apaiz zegoela. Inazio Mujika kontratistak egin zuen. Eraso batzuk egin dizkiote harrezkeroztik; irudi zaharra bizpahiru aldiz puskatu zuten», dio Goenak. Fededunek txanponak sartzen dituzte leihatilaren zirrikitutik, eskaintza bezala. Ermita egiteko bi asmo izan ziren garai batean, Egiluzen bidea bukatzen den tokian bat. Baina ez zuen asmoak aurrera egin. Aldarea egindakoan, 1993an lau auzotar elkartu eta festa antolatzea erabaki zuten. «Jendea etortzen da orain urtero».