Bularreko minbizia hizpide Goierrin
Katxalin elkarteak hainbat hitzaldi antolatu ditu Goierrin. Emakume Mastektomizatuen Gipuzkoako Elkartea da Katxalin, bularreko minbizia duten edo izan duten emakumeei laguntzea helburu duena. Tumoreak aurrikusteko eta atzemateko informazio iturri izatea da elkartearen xedea, Gipuzkoan tratamenduei, heziketari, laguntza-taldeei eta abarri buruz eskura dauden baliabideak zabalduz. Osakidetzarekin elkarlanean aritzen da Katxalin elkartea eta, hala, Osakidetzak Tratamendu Goiztiarra kanpaina hasi baino lehen elkarteak hainbat hitzaldi antolatzen ditu kanpaina egingo den eskualdean. Oraingoan Goierriren txanda da Osakidetzaren zerrendan, eta horregatik sei hitzaldi antolatu ditu Katxalinek eskualdean. Seguran egin zuten lehena aurreko astean, eta atzo Beasainen. Gaur izango da hirugarren hitzaldia Idiazabalen, 15:30ean. Abenduaren 14an Ataunen izango dira Katxalin elkarteko kideak, abenduaren 15ean Lazkaon eta abenduaren 20an Ordizian. Hitzaldi horietara Donostia Onkologikoa ospitaleko mediku bat joango da, bertaratzen direnei bularreko minbiziaren inguruko informazioa eta Tratamendu Goiztiarraren beharraz hitz egitera. Bihar Goierriko Hitza egunkariko papereko edizioan Arrate Plazaola onkologoari egindako elkarriaketa kaleratuko da. Hona elkarrizketaren aurrerapena: Zergatik bularreko minbiziari buruzko hitzaldiak eta ez beste minbizia mota batzuei buruzkoa? Bularreko minbizia delako diagnostiko goiztiarra egin daitekeen gaitz bakanetako bat, eta zenbakiak ere hor daudelako. Kalkulatzen da bizitzan zehar zortzi emakumetatik batek bularreko minbizia izango duela. Zer lortzen da diagnostiko goiztiarraren kanpainarekin? Gaixotasunaren pronostikoa egin ahal izatea, garaiz [...]
Katxalin elkarteak hainbat hitzaldi antolatu ditu Goierrin. Emakume Mastektomizatuen Gipuzkoako Elkartea da Katxalin, bularreko minbizia duten edo izan duten emakumeei laguntzea helburu duena. Tumoreak aurrikusteko eta atzemateko informazio iturri izatea da elkartearen xedea, Gipuzkoan tratamenduei, heziketari, laguntza-taldeei eta abarri buruz eskura dauden baliabideak zabalduz. Osakidetzarekin elkarlanean aritzen da Katxalin elkartea eta, hala, Osakidetzak Tratamendu Goiztiarra kanpaina hasi baino lehen elkarteak hainbat hitzaldi antolatzen ditu kanpaina egingo den eskualdean. Oraingoan Goierriren txanda da Osakidetzaren zerrendan, eta horregatik sei hitzaldi antolatu ditu Katxalinek eskualdean.
Seguran egin zuten lehena aurreko astean, eta atzo Beasainen. Gaur izango da hirugarren hitzaldia Idiazabalen, 15:30ean. Abenduaren 14an Ataunen izango dira Katxalin elkarteko kideak, abenduaren 15ean Lazkaon eta abenduaren 20an Ordizian. Hitzaldi horietara Donostia Onkologikoa ospitaleko mediku bat joango da, bertaratzen direnei bularreko minbiziaren inguruko informazioa eta Tratamendu Goiztiarraren beharraz hitz egitera.
Bihar Goierriko Hitza egunkariko papereko edizioan Arrate Plazaola onkologoari egindako elkarriaketa kaleratuko da. Hona elkarrizketaren aurrerapena:
Zergatik bularreko minbiziari buruzko hitzaldiak eta ez beste minbizia mota batzuei buruzkoa?
Bularreko minbizia delako diagnostiko goiztiarra egin daitekeen gaitz bakanetako bat, eta zenbakiak ere hor daudelako. Kalkulatzen da bizitzan zehar zortzi emakumetatik batek bularreko minbizia izango duela.
Zer lortzen da diagnostiko goiztiarraren kanpainarekin?
Gaixotasunaren pronostikoa egin ahal izatea, garaiz sendatzeko aukera izateko. Diagnostiko goiztiarren bidez gaitza oso txikia denean ikusten dugu, zentimetro erdi baino gutxiago duenean, eta halakoetan ia seguru kirurgiarekin bakarrik sendatu daiteke gaitza.
Zein dira bularreko minbizia izateko arrisku faktoreak?
Nik bost azpimarratuko nituzke: sexua, hormonak, bularreko beste gaitz batzuk, arrazoi genetikoak eta dieta.
Nori zuzenduta dago prebentzio kanpaina?
Osakidetzak ikerketa 50 eta 69 urte artean dituzten emakumeen artean egiten du, bi urtetik behin. Orain badirudi adin hori zabaldu egingo dutela. Hori ordea, ez da bat-batean egingo. Agian, 50 urtetik 49ra jaitsiko da lehenengo eta ondoren 48ra eta hala adin zehatz batera arte, baina ikusiko da.
Gizonezkoen artean ez al da diagonostiko goiztiarrik egiten?
Ez, ez delako beharrezkoa. Gizonezkoek oso bular txikiak dituzte eta palpazio bidez berehala nabaritzen dute aldaketarik dagoen edo ez.