Eskolan bale, kalean kale
Goierriko herririk hazienetakoa da Ordizia. Ikastola du joan deneko berrogei urte eta gehiagotan, orain hamasei urte Hitzaro euskara elkartea sortu zuten, eta azken urteetan Euskara Zerbitzua ere martxan jarri du Ordiziako Udalak. EBPN Euskara Biziberritzeko Pla Nagusia ere badago Ordizian. Ia erabat euskaldunak diren herriak ditu inguruan, eta faktore horiek batuta euskarak buruhauste gutxi sortu beharko lituzkeela dirudi. Baina ez da hala, zoritxarrez. Bihar Euskararen Eguna dela eta, herriko hiru euskaltzale ezagun elkartu ditu Goierriko Hitza-k euskararen egoerari, kezkei eta erronkei buruz haien iritziak eta usteak parteka ditzaten. Belen Maiza (Ordizia, 1946) Euskara zinegotzia, Joxe Antonio Mujika (Ordizia, 1938) eta Joxe Mari Barandiaran (Ataun, 1947) dira. Ondorio argia atera daiteke hiruen hitzak aditu ondoren: erabileran dagoela gabeziarik nabarmenena, eta jendea euskaraz egitera bultzatzeko premia sentitzea bezalakorik ez dagoela. Adinak eman dien eskarmentutik eta ikuspuntutik hitz egin dute. Baserri girotik modernitatera «Ezagutzaren aldetik aurrerapen handia eman dela uste dut, baina orain dela berrogei urte pentsatzen genuena ez da betetzen ari. Orduan uste genuen euskararen ezagutzak erabilera ekarriko zuela, baina orain ohartu gara euskarak ezin diola honi buelta eman. Hizkuntza batek ez badu erabilpenik, bere horretan hilko da». Maizaren hitzak dira horiek. Mujikak eta Barandiaranek bezalaxe, etxean ikasi zuen euskaraz, horixe zuten [...]
Goierriko herririk hazienetakoa da Ordizia. Ikastola du joan deneko berrogei urte eta gehiagotan, orain hamasei urte Hitzaro euskara elkartea sortu zuten, eta azken urteetan Euskara Zerbitzua ere martxan jarri du Ordiziako Udalak. EBPN Euskara Biziberritzeko Pla Nagusia ere badago Ordizian. Ia erabat euskaldunak diren herriak ditu inguruan, eta faktore horiek batuta euskarak buruhauste gutxi sortu beharko lituzkeela dirudi. Baina ez da hala, zoritxarrez.
Bihar Euskararen Eguna dela eta, herriko hiru euskaltzale ezagun elkartu ditu Goierriko Hitza-k euskararen egoerari, kezkei eta erronkei buruz haien iritziak eta usteak parteka ditzaten. Belen Maiza (Ordizia, 1946) Euskara zinegotzia, Joxe Antonio Mujika (Ordizia, 1938) eta Joxe Mari Barandiaran (Ataun, 1947) dira. Ondorio argia atera daiteke hiruen hitzak aditu ondoren: erabileran dagoela gabeziarik nabarmenena, eta jendea euskaraz egitera bultzatzeko premia sentitzea bezalakorik ez dagoela. Adinak eman dien eskarmentutik eta ikuspuntutik hitz egin dute.
Baserri girotik modernitatera
«Ezagutzaren aldetik aurrerapen handia eman dela uste dut, baina orain dela berrogei urte pentsatzen genuena ez da betetzen ari. Orduan uste genuen euskararen ezagutzak erabilera ekarriko zuela, baina orain ohartu gara euskarak ezin diola honi buelta eman. Hizkuntza batek ez badu erabilpenik, bere horretan hilko da». Maizaren hitzak dira horiek. Mujikak eta Barandiaranek bezalaxe, etxean ikasi zuen euskaraz, horixe zuten oinarri. Oinarri hori eskoletan dago gaur egun, baina dirudienez ez da nahikoa euskararen erabilera sustatzeko. «Gaur egun hogei urtetik beherako inork ez du aitzakiarik euskaraz ez jakiteko. Kezka horrek ematen du, zer ez ote garen ondo egiten ari kaleak euskaraz ez blaitzeko».
Barandiaran 1974an joan zen Ordiziara bizitzera. Garai hartan euskara «bere horretan» aurrera aterako zela uste zuen jendeak, ikastola martxan zegoen, mugimendua zegoen, ilusioa. «Gerora beste plan batzuk etorri dira, baina nik uste dut Ordiziak izan zuen planik onena feria izan dela. Konturatu gabe egindako plan bat da, baina emaitza oso onak izan dituena». Uste horrekin bat dator Mujika. Asteazkenero mintzalagun modura aritzen da, eta adierazi du Ordizian euskaraz gehien egiten den eguna dela, nabarmen gainera. «Baina feria bukatzean lehengora itzultzen da».
Maizaren iritziz, ordea, feriaren kontuak «tranpa» dauka. «Txalogarria» iruditzen zaio asteazkenetako giroa, baina euskara «modernitatearekin» ere lotu behar dela dio. «Euskarak edozein gairi buruz hitz egiteko aukera ematen digu. Ferian euskaraz hitz egitea joera naturala da, baina badirudi joera natural horrek ez duela erreleborik, eta atzetik datozen belaunaldientzat ez da eredugarria». Barandiaranen ustez, joera hori iraultzen hasteko «gurditik tira» egingo duen jendea behar da, «txipa argi» duena.
Jakin arren, ez erabili
«Gaitz ikaragarria» sumatzen du Barandiaranek ordiziarren artean. «Bi ordiziar elkartzen direnean 10etik zortzitan gazteleraz egiten dute. Orain, pertsona jakin batzuekin beti euskaraz egingo dute». Mujikak ere antzera pentsatzen du. «Axolagabekeria ikusten dut hor. Nire senideek egiten dute hori, oso urrutira joan gabe, baina niri euskaraz egiten didate beti». Maizak euskararen inguruko «hausnarketa pertsonal eta kolektiboa» falta dela uste du. «Kontzientzia falta da, harro sentitzea, esatea euskaraz gain, erdaraz ere badakigula».
Gaztelerako joera hori kalean ez ezik, administrazioan eta beste eremu batzuetan ere sumatzen dute, eta adierazi dute «diru asko» inbertitu dela sektore asko euskalduntzen, baina emaitzak ez direla agerikoak. Euskarak agenda politikoan «lehentasuna» izan behar duela iritzi diote, eta politikoek «hizkuntzari babesa» eman behar diotela, lan guztia «eskolaren bizkar» utzi gabe. Kontzientzia, jarrera, nortasuna, ondarea, premia. Hitz potoloak hamaika izan daitezke, baina geroa euskaraz pentsatzeak eta erabiltzeak soilik bermatuko duela argi dago.