Lazkaoko Beneditarren artxibo berritua ireki dute, Euskal Herriaren historia biltzeko “altxorra” dela aitortuta
Lazkaon gaur eguerdian inauguratu dute Beneditarren artxibategi historikoaren eraikin berria. Duela 40 urtetik Joan Joxe Agirre artxibozainaren eskuz osatutako agiritegia “altxorra” dela esan dute bertaratu diren agintariek. Eraikin berriak 540 metro koadro ditu, bi solairutan banatuta. Lehenagoko egoitzatik artxiboa eta hemeroteka aldatu dituzte berrira. Euskal Herriko historia garaikidearekin zerikusia duten 6.000 liburu eta aldizkari, 18.000 kartel, 25.000 eranskailu, pertsona eta erakundeen artxiboak, eta gai askotarikoen 100 bilduma dokumental daude. “Herri baten historia egin behar bada azkeneko panfletoa ere beharrezkoa da”, esanez laburbildu du Agirrek lau hamarkadako lana. Inaugurazio ekitaldian izan dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Patxi Albisu Lazkaoko alkatea, Maria Jesus Aranburu Kulturako foru diputatua, Rufino Mujika beneditarren Lazkaoko burua eta Joan Joxe Agirre artxibozaina. Guztiek goratu diote Agirreri burututako bilketa. Etorkizunean ere dokumentuak, bibliografia eta euskal gaiekiko sortzen den edozein argitalpen jasotzen segitzeko konpromisoa erakutsi dute beneditarrek. Eraikin berriko goiko solairuan 22 apalategi luzek eta kaxoi ugarik gordetzen dituzte agiriak. Beheko oinean ikertzaileentzat kontsulta gela zabala, artxibozainaren bulegoa eta bilera gelak daude. Goian erakusketa puntualak jartzeko aretoa ere egokitu dute. Artxibategiaren izaeraren erakusle izan daitezkeen adibideak ipini dituzte gaurko, 1970eko egoera politikoaren erreferentziak, Ekin aldizkariaren sorrerako aleak, Euskaldunon Egunkaria-ren 0 zenbakia, alderdi politikoen deialdi-kartelak edo eranskailuak, tartean. Artxibategiaren eraikin [...]
Lazkaon gaur eguerdian inauguratu dute Beneditarren artxibategi historikoaren eraikin berria. Duela 40 urtetik Joan Joxe Agirre artxibozainaren eskuz osatutako agiritegia “altxorra” dela esan dute bertaratu diren agintariek. Eraikin berriak 540 metro koadro ditu, bi solairutan banatuta. Lehenagoko egoitzatik artxiboa eta hemeroteka aldatu dituzte berrira. Euskal Herriko historia garaikidearekin zerikusia duten 6.000 liburu eta aldizkari, 18.000 kartel, 25.000 eranskailu, pertsona eta erakundeen artxiboak, eta gai askotarikoen 100 bilduma dokumental daude. “Herri baten historia egin behar bada azkeneko panfletoa ere beharrezkoa da”, esanez laburbildu du Agirrek lau hamarkadako lana. Inaugurazio ekitaldian izan dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Patxi Albisu Lazkaoko alkatea, Maria Jesus Aranburu Kulturako foru diputatua, Rufino Mujika beneditarren Lazkaoko burua eta Joan Joxe Agirre artxibozaina. Guztiek goratu diote Agirreri burututako bilketa.
Etorkizunean ere dokumentuak, bibliografia eta euskal gaiekiko sortzen den edozein argitalpen jasotzen segitzeko konpromisoa erakutsi dute beneditarrek. Eraikin berriko goiko solairuan 22 apalategi luzek eta kaxoi ugarik gordetzen dituzte agiriak. Beheko oinean ikertzaileentzat kontsulta gela zabala, artxibozainaren bulegoa eta bilera gelak daude. Goian erakusketa puntualak jartzeko aretoa ere egokitu dute. Artxibategiaren izaeraren erakusle izan daitezkeen adibideak ipini dituzte gaurko, 1970eko egoera politikoaren erreferentziak, Ekin aldizkariaren sorrerako aleak, Euskaldunon Egunkaria-ren 0 zenbakia, alderdi politikoen deialdi-kartelak edo eranskailuak, tartean.
Artxibategiaren eraikin berria Santa Teresa komentuko lurretan dago, udalak erosi duen orubean. “Altxorra behar den bezala gordeta” edukitzeko aukera ematen duela esan du Olanok. “Gerra ondorenetik gaur arte herriaren memoria gordetzea lortu dute, eta altxorra da”, gaineratu du ahaldun nagusiak.
Inaugurazio ekitaldia sarreran egin dute, bedeinkapena eta zinta mozketa. Ondoren, gonbidatutako ordezkariek –herriko udalkideak, kulturako pertsonalitateak, inguruko herrietako udal ordezkariak,…– ikusi ahal izan dute eraikina barrutik.
Herritarrek eraikina ikus dezaten datorren asteko osteguna eta ostirala izendatu dituzte, 16:00etatik 19:00etara. Hamar laguneko taldeetan sartu ahalko da, espazio mugatua dagoelako. Eta aurrez izena eman behar da telefonoz deituta (943 88 01 70).
Beneditarren artxibategi berriaren eraikina 850.000 euro kostatu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du %83, eta Lazkaoko Udalak %17. CAF enpresak jarri ditu apalategiak eta altzariak.