Bisitari emariak zubi duina utzi du eskualdeko turismoan, ohe gehienak beteta
Abenduaren hasierako zubian Euskal Herrian hain ohikoa den eguraldia izan da; ez hotz, ez bero. Horrek, ordea, ez du bisitariak etortzea eragotzi. Goierriko nekazaletxeak beteta egon dira oro har, eta hoteletan okupazioa hainbestekoa izan ez bada ere datuak onak dira. Kaleetan sumatu da turisten etorrera eta turismo zerbitzuetan «gustura» daude zubiak utzitako datuekin.
Goiturreko zuzendari Niko Osinalderen esanetan abenduko zubi hau ez da urteko erreferentea; «ezin da urrikoarekin edo Aste Santukoarekin alderatu. Hala ere, datuak onak dira, jendea etorri da eta herrietan ere sumatu dute». Hainbeste jaiegun izateak bisitariak batera eta bestera banatu ditu, askok egun hauek elurretara joateko baliatu baitituzte. Ez hori bakarrik, Osinaldek berak azaldu duenez, «hainbeste egun izanda jendeak Europako beste hiri batzuetara joateko ere aprobetxatu du». Aireportuetako afera, ordea, bisitariak Goierrira erakartzeko aproposa izan da, zubia hurbileko inguruak ezagutzeko baliatu baitute askok halabeharrez, urrutirago joan ezinaren ezinaz.
Goierriko museo guztiak irekita egon dira egunotan eta jende andana ibili da. Kataluniatik edota Madrildik etorritakoei euskal herritarrak batu zaizkie. Segurako San Nikolas eguna edota Ordiziako azoka turistentzako ohiko kultur eskaintzatik irteten diren ekitaldiak izan dira. Hala, «aurreikuspenak bete» direla azaldu du Osinaldek, «uste baino hobeto joan da».
Goierri Garaian ere mugimendua sumatu dute. Astebukaeran, esaterako, Mirandaolako burdinola martxan jarri dute eta 50 laguneko lau bisita-txandak bete egin dira. Behealdean bezala, Goierri Garaian ere Euskal Herrikoak eta Madril eta Katalunia aldetik iritsi dira bisitariak oro har.
Okupazioarekin gustura
Garaiotan landetxeetara etorri ohi dira bisitariak. Segurako Ondarre etxeko Karmele Muruak egunotan etxea beteta izan du, zubi guztirako izan ez bada ere, beste landetxeetan gertatu den bezala. Gasteiz inguruko talde bat eta Madrilen bizi diren euskaldun batzuk, Realaren partida ikustera etorritakoak, eduki ditu landetxean. Batzuek lehen aldia zuten Seguran, baina besteak lehenago ere egondakoak dira. «Neguan normalean asteburuetan koadrilekin betetzen da. Senideak, bikoteak umeekin…», azaldu du Muruak. Zubia «luzea» izan dela dio. «Ez dugu asteazkenera arte beteta izan, bost gaueko eskaera gutxi izan dira. Gabonak ere gainean daude eta jendea diruari begiratzen hasita dago».
Emeteri Baquerizak eta bere sendiak Mutiloako Orue landetxea dute. Alokairuan hartu zuten duela hiru urte. Zubian Kataluniako CiU alderdiko politikari batzuk izan dituzte, tartean bi alkate. «Zortea izan dugu. Lanik ez genuela egingo uste genuen, baina azkenean Nekaturren eta Goiturren bitartez beteta izan dugu. Oso gustura gaude. Normalean jatetxearekin egiten dugu lan gehiago». Sei gela dituzte Mutiloako meatzaldeko landetxean. Kataluniatik etorri ohi dira bezeroak Oruera. «Madrildik, Kataluniatik… Aizkorriko maratoian Suitzako eta Herbehereetako familia bana ere izan genuen». Euskal Herrikoak ere hasiak dira.
Baqueriza eta bere sendia Donostiatik etorri ziren Goierrira duela hiru urte. «Gu krisi garaiarekin hasi ginen eta egoera hau ezagutu dugu beti. Inguruetako landetxeetako kideek, ordea, egoera ez dela normala diote», ondorioztatu du Baquerizak. Krisi garaiari aurre egiteko asmoz landetxeko eskaintza zabalduko dute aurki. Bisitariei zaldiekin etortzeko aukera ematen hasiko dira, bertan duten zalditegia baliatuz.
Lasaitasunaz gozatzera
Goierrik aukera asko eskaintzen du bisitarientzako. Ondarre etxeko Muruaren ustetan jendea «elkarrekin egotera» etortzen da. «Inguruak ezagutzera ere bai, pixka bat deskonektatzera. Asko hiri handi samarretan bizi dira. Lasaitasuna, ordu eta presa eza… Beheko suaren inguruan egon ohi dira kontutan berandura arte, baina lehen helburua nire ustez lagunartean egotea da».
Goierrik «gauza asko» duela dio Muruak: «Ezagutzen ez duena etortzen denean harrituta gelditzen da. Turismoa kostaldera joan izan da betidanik, baina hona datozenek hemen bakea eta alde guztietara gertutasuna dugula diote». Horrez gain, inguruaren edertasuna ere baloratzen diote Ondarre etxearen arduradunari. «Gu hemen bizi gara eta guztia horrelakoa dela iruditzen zaigu, baina hau zoragarria da; mendiak, paisaiak, ondo kasu egindako etxeak, bizi kalitatea… daukaguna gozatu behar dugu, baina guk sinistu behar dugu aurrena».
Baquerizak ere ingurua nabarmendu du. «Zelaiak, zuhaitzak, baserritarrak lanean, animaliak… ikusi nahi dituzte bisitariek. Helburu gehiagodun bezeroak ere izan dituzte; «Euskal Herrian daudela sentitzea eta hemen ezer ez dela gertatzen ikustea, nolabait beldur hori joan zaiela sentitzea. Mendia, janaria, zelaian egoteko sentsazioa, isiltasuna ere bilatzen dute Goierrira datozenek». Urruneko destinoetara jo beharrik gabe Goierriko neguak ere badu-eta zer erakutsi.