Kapoi lehiaketan 30 bikote aurketzu dituzte.
Euskadi Irratian iragarri bezala Urretxuko eta Zumarragako Santa Lutzi feria Euskal Herriko feriarik handiena izan daiteke, edo ez. Nolanahi ere, Santa Lutzi feria bertakoentzat egun berezia eta bisitari askorentzat galduko ez duten hitzordua bada. Eta Santa Lutzin, aspaldiko ohiturak eta gaurkotasunak bat egiten jarraitzen dute.
Geltokietako plazatik ibilbidea hasita, abeltzainak dira lehenengo protagonistak. Gaurkoan zaldi, ahuntz, asto eta behorrak zeuden besteak beste. Nabarmenena zen, ordea, abeltzainek eta saltzaileek osatzen zituzten biribilak. Makilak eskuetan eguneko gora-beherak zituzten hizpide. Goizeko hamarretarako saldutako artaldea, adibidez. Handik artisauen postuetara Urdaneta hiribidetik Renfeko gainekalderako bidean. Legazpiar talde bat oraintsu erretako Eixal baserrirako diru-bilketan lanean buru-belarri eta beheruntz, Euskadi plazan, barazkiak. Zerba gorriak ohiko zerba zurien ondoan. Lehena eta oraina. Urretxun artisauak, barazki eta hegaztiak, ezti usaina eta postuak nonahi.
Goierritarrak sarituta
Santa Lutzi eguna baserritarren lanaren erakusleihoa izateaz gain, lan hori saritzeko eguna ere izan ohi da. Badira bi-hiru urte Urretxuko eta Zumarragako Udalek lehiaketak sariketengatik ordezkatu zituztela, modu honetan, lehiakortasuna sustatu baino, baserritarren eta nekazarien ekina eta eurek ekoiztutako produktuen kalitatea saritzeko.
Animalien, barazkien, fruituen eta eztiaren sariketak izan dira aurten ere. Hauetan, goierritar askoren lanak jaso du bi Udalen aitortza. Nabarmentzekoa da Gabiriako kasua, bederatzi sari jaso baitituzte bertako nekazariek. Antonia Murgiondok lau jaso ditu. Bestelakoan, goierritarrei dagokienez, Idiazabalgo, Legazpiko, Urretxuko, Zaldibiako, Beasaingo, Lazkaoko eta Zegamako baserritarren lana saritu dituzte gaurko ferian.