VII. Literatura Tertulia Liburu eta Disko Azokaren barruan egingo dute segurarrek
VII. Literatura-Tertulia abenduaren 16an egingo dute segurarrek, Liburu eta Disko Azokaren egitarauaren barruan. Literatura zaleek, 18:30ean izango dute hitzordua Segurako kultur etxean. Saio horretarako aukeratutako liburua Andoni Etxeberria eta Ai...
VII. Literatura-Tertulia abenduaren 16an egingo dute segurarrek, Liburu eta Disko Azokaren egitarauaren barruan. Literatura zaleek, 18:30ean izango dute hitzordua Segurako kultur etxean. Saio horretarako aukeratutako liburua Andoni Etxeberria eta Aitor Ugalde segurarrek egindako “Beti Alai, aste ta jai” Segurako pilotari buruzko lana da.
2008an jarri zuten abian Seguran, Literatura-Tertulia ekimena EBPNaren barruan eta dagoeneko sei saio burutu dituzte. Lehendabizikoan Garazi Goia (Bi Hitz) Segurako idazlea gonbidatu zuten tertuliara. Bigarrenean Kirmen Uribe (Bilbao-New York-Bilbao), hirugarrenean Jon Arretxe (Fatum), laugarrenean Angel Lertxundi (Zoaz infernura, laztana!), bosgarrenean Karmele Jaio (Musika airean) eta seigarrenean Fermin Etxegoien (Autokarabana).
Metodologia bera
Literatura-Tertulia taldea hamahiru lagunek osatzen dute Seguran eta metodologia bera jarraitzen dute saio guztietan: liburua aukeratu, idazlearekin hitzordua lotu, liburua eskuratu eta taldekideen artean banatu, irakurri eta azkenik, idazlea bertan dela tertulia egin. Zazpigarrena, ordea, bereziagoa izango da. Oraingo honetan taldeko kideei ez ezik, herritar orori zabalduko dizkiete ateak. Asteburuan liburu azoka ere egingo dutela aprobetxatuz, ekimenarekin bat egin eta egitarauaren barruan sartu dute. Saioak guztira, ordu eta erdiko iraupena izango du.