Espainiako Vuelta Goierri Garaitik pasako da irailaren 10ean
Urtarrilaren 12an aurkeztuko dute ofizialki 2011ko Espainiako Vuelta, baina Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzako kirol arloko zuzendariak gaur baieztatu duenez, gutxienez bi etapa egingo ditu Vueltak Hego Euskal Herriko lurretan. Hain zuzen ere, etapa bat Bilbon eta bestea Gasteizen bukatzea da Jaurlaritzako arduradunen asmoa, baina oraindik lotzeko dago hori. Etapa hauetako bat, Vueltaren azken aurrekoa eta Bilbo eta Gasteiz artean egingo dena, Goierri Garaitik pasako litzateke. Etapa hau irailaren 10ean jokatuko da eta Bizkaian hasi eta Araban bukatuko bada ere, Gipuzkoako lurretan barrena pasako da. Etapa, Eibartik sartuko da Gipuzkoan; Elgetako mendatea pasata, Bergara eta Azkoitiatik barrena joango da, handik Goierri aldera hartzeko. Zumarraga eta Legazpitik pasako litzateke, atzera Bizkaia aldera joan aurretik. Espainiako Vuelta 2011ko abuztuaren 20tik irailaren 11ra bitartean jokatuko da.