Legalizazioa eskatzeko larunbatean hainbat ekimen egingo ditu ezker abertzaleak
Legalizazioa eskatzeko helburuarekin ezker abertzalea kalera aterako da
datorren larunbatean eta Euskal Herriko hainbat herrietan bezala, Goierrin ere giza kateak, kotxe karabanak eta elkarretaratzeak egingo dituzte egunean zehar.
Ezker abertzalearen arabera, «egunez egun ezker abertzalea, burujabetzaren aldeko beste eragile politikoekin, sozialekin eta sindikalekin elkarlanean, eraikitzen ari den prozesu demokratikoa da aldaketa politikorako tresna eta berme bakarra».
Prozesu horren ibilbide orria «luzea izango den arren», gaurtik independentzia lortu artekoa, «urrats zehatz eta oso garrantzitsuak» eman dira beraien ustez: «Lortu arte akordio estrategikoa EA eta ezker abertzalearen artean eta Gernikako Akordioa, bake bidean aterabide demokratikoen akordioa».
Goierriko ezker abertzalearen hitzetan ezker abertzalearen erabakia «irmoa» da: prozesu demokratikoa azken helmugaraino eramatea. «Hau da, proiektu politiko guztiak egingarri izango diren eskenatokira eramatea eta independentziaren aukera nagusitzea».
Legeztapena «ezinbestekoa»
Bide horretan, ezker abertzalearen legeztapena «ezinbesteko geltokia» dela dio Goierriko ezker abertzaleak. Azken asteetan iragarri duten modura, «proiektu politiko independentista eta sozialista berri bat legeztatzeko» urratsa egingo dute. Eta beraien hitzetan «prozesu demokratikoa, azken muturreraino eramateko anbizioa izango du antolakuntza tresna berri horrek. Ezker abertzalea ordezkatzea, gizarteko esparru guztietan, baita instituzioetan ere».
Proiektu politiko berri horren legeztatzea, «nahiz eta legea hitzez hitz beteko duela iragarri», ez da «auzi juridikoa» ezker abertzalearen ustetan «erabat politikoa,baizik, irabazi beharreko auzi politikoa, hain zuzen».
Mobilizatzeko deia
Bide horretan, herri mobilizazioa, «ezinbesteko» tresna izango dela dio. Horregatik, antolatu ditu ezker abertzaleak legeztatzearen aldeko ekimenak. Horrela, proiektu politiko horrekiko «adostasunaz haratago» ezker abertzaleak mobilizazio eta ekimen horietan parte hartzeko deia egiten die Goierriko gizonei eta emakumeei. «Denon esku baitago ezker abertzalearen legeztapena eta iharduera politikoa garatzeko oinarrizko eskubide demokratikoaren errespetua».