Zumarragako industrialdearen 25 urteko jarduna goraipatu dute
Otamotz- Aurten Urola Garaiko Industrialdea sortu zutela hogeita bost urte betetzen dira. Urtemuga ospatzeko ekitaldia egin dute gaur eguerdian Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Bernabe Undak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak, Carlos Ormazabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Urola Garaiko Industrialdearen ordezkari gisa, hartu dute parte. Markel Olano, Ahaldun Nagusia ekimenean parte hartzekoa zen gaur, baina ezagutzen ez ditugun arrazoiak tarteko, ez du etortzerik izan.
Gaur eguerdiko ekitaldian, hasiera-hasieratik Urola Garaiko Industrialdea posible egin duten enpresak izan dituzte gogoan. Hauei, urte hauetan egindako lana eta ahalegina aitortu zaielarik.
Bederatzi izan dira oroigarriak jaso dituzten enpresak: Eraiki, Telleria Tailer Mekanikoak, Rile, Teak Ebanistak, Goi-Design, Metálicas Alkor, TTT Goiko, Agrymin eta Eitza Tailerrak. Oroigarriak jaso dituzte baita, Urola Garaiko bazkide guztiek ere, hau da, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, SPRI-k eta Zumarragako, Urretxuko, Legazpiko eta Ezkio-Itsasoko udalek. Era berean, urte hauetan izandako inplikazioagatik eta Urola Garaiko Industrialdea bereziki bultzatzeagatik omenaldia egin zaie Jose Mari Legorburu eta Mikel Mendizabal enpresariei.
Amaitzeko Urola Garaiko Industrialdearen hogeita bost urteak biltzen dituen erakusketa inauguratu dute Zelai Arizti kultur etxeko sarreran. Argixaoko industria gunean egiten diren lanen inguruko datuak eta enpresetako zein herrian egindako lan garrantzitsuenen inguruko argazkiak daude erakusgai.
Historia laburra
Instituzioen parte hartze garrantzitsuarekin, 1985eko abenduaren 26an “Zumarragako Industrialdea S.A.” sortu zen, Gipuzkoako Foru Aldundia, SPRI eta Zumarragako Udala bazkide zituelarik. Garaiko krisialdiak Zumarragako industrian eragindako atzerakada zuzendu asmoz sortu zen.
Urte batzuk beranduago, 1993ko martxoan sortu zen “Legazpiko Industrialdea S.A.”. 2001eko irailaz geroztik, bi sozietateek bat egin zuten, helburu nagusiena pabilioi industrialen zein lur zoruen sustapen bateratua egitea izan zelarik.
Gaur egun 60 enpresa aritzen dira Urola Garaiko Industrialdean, 969 langile daudelarik bertan lanean. Zumarragan eta Legazpin dauden enpresa hauek Guztira egindako inbertsioa 16,1 milioi eurokoa izan da eta dituen 61.685 metro koadroetatik, 3.180 metro koadroko partzela bat erabilgarri dago oraindik. IHOBEK ematen duen ingurugiroaren zainketa aitortzen duen EKOSCAN ziurtagiria jaso dute. Eta amaitzeko esan, industria gune hauek urbanizazio eta eraikitze gidetan eredu izan dira.