Leku-izenen ondare bizia gaurkotu dute, liburua eta mapa argitaratuta
Herri batek nondik datorren ez badaki, nekez jakingo du nora doan». Esaldi horrekin laburbildu daiteke Ordiziako toponimoak biltzeko duela hiru urte martxan jarri zuten proiektuaren helburua. Urte hauetako lanak dagoeneko eman ditu aurreneko fruituak. Ordiziako leku izenak biltzen dituen liburua eta mapa toponimikoa argitaratu dituzte eta orain, egindako lana zabaltzeak eta gizarteratzeak duen garrantzia azpimarratu dute ekimena bultzatu dutenek. Euskaltzaindiaren gidaritzapean, Irati Zalduak eta Ainitze Etxanizek egin dute liburua osatzeko bilketa lana. Zalduak aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, 2007an jaso zuten Ordiziako Udalaren beka, eta handik hasi zen ikerlana. «Ikerketa horrek fase ezberdinak izan ditu. Aurrenekoa dokumentazio lana izan zen». Bibliografia aztertu eta Ordiziako eta Gipuzkoako artxibategietan bilatu zituzten toponimoak. «Horiek bildu ahala, Euskaltzaindiak utzitako datu base batean sartzen joan ginen». Baina ikerketa horretan garrantzia handia izan duen beste lan bat, bigarren fasea litzatekeena, zuzeneko elkarrizketak izan dira. Ordiziako hogeita bost lagunekin hitz egin dute, garai bateko leku izenak identifikatzeko. Lekukoak bilatzeko garaian, «zailtasunak» izan dituztela aitortu zuen Etxanizek, baina horretan «Alazne Iturriotzen laguntza» izan zutela azaldu zuen. Behin datu guztiak bilduta, denak kontrastatu eta liburua idazteari ekin zioten. Egileek eta udal arduradunek, liburua egiterako garaian lagundu duten herritarren lana eskertu nahi izan zuten, euren aportazioa «benetako altxorra» delako. Belen Maizaren [...]
Herri batek nondik datorren ez badaki, nekez jakingo du nora doan». Esaldi horrekin laburbildu daiteke Ordiziako toponimoak biltzeko duela hiru urte martxan jarri zuten proiektuaren helburua. Urte hauetako lanak dagoeneko eman ditu aurreneko fruituak. Ordiziako leku izenak biltzen dituen liburua eta mapa toponimikoa argitaratu dituzte eta orain, egindako lana zabaltzeak eta gizarteratzeak duen garrantzia azpimarratu dute ekimena bultzatu dutenek.
Euskaltzaindiaren gidaritzapean, Irati Zalduak eta Ainitze Etxanizek egin dute liburua osatzeko bilketa lana. Zalduak aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, 2007an jaso zuten Ordiziako Udalaren beka, eta handik hasi zen ikerlana. «Ikerketa horrek fase ezberdinak izan ditu. Aurrenekoa dokumentazio lana izan zen». Bibliografia aztertu eta Ordiziako eta Gipuzkoako artxibategietan bilatu zituzten toponimoak. «Horiek bildu ahala, Euskaltzaindiak utzitako datu base batean sartzen joan ginen». Baina ikerketa horretan garrantzia handia izan duen beste lan bat, bigarren fasea litzatekeena, zuzeneko elkarrizketak izan dira. Ordiziako hogeita bost lagunekin hitz egin dute, garai bateko leku izenak identifikatzeko. Lekukoak bilatzeko garaian, «zailtasunak» izan dituztela aitortu zuen Etxanizek, baina horretan «Alazne Iturriotzen laguntza» izan zutela azaldu zuen. Behin datu guztiak bilduta, denak kontrastatu eta liburua idazteari ekin zioten.
Egileek eta udal arduradunek, liburua egiterako garaian lagundu duten herritarren lana eskertu nahi izan zuten, euren aportazioa «benetako altxorra» delako. Belen Maizaren ustez, «Horrelako kasuetan, lekukoak falta diren neurrian, garai bateko historia askotan kamutxa, motza eta ezagutu gabe gelditzeko arriskua dugu». Aurkezpen ekitaldira etorri ziren liburuan parte hartu duten herritarretako asko. Hauei zuzendu zitzaien Maiza. «Jakizue altxortegi bat zaretela zuek historia mailan, eta hori gogoan izan. Gauza asko eta asko zuek gabe ezin izango ziren aurrera atera».
Mapa toponimikoa
Lan hau guztia, Euskaltzaindiaren gidaritzapean egin dute, eta erakunde horren izenean, Imanol Goikoetxea etorri zen aurkezpen ekitaldira. Mapa toponimikoa egiten ere bera aritu da. Bere hitzetan, «toponimia bizia jaso egin behar da, herri askotan egiten ari dira lan hau eta badirudi azken urteetan, batez ere udal mailan, alkateak eta zinegotziak konturatu direla premiazko lana dela, egin beharrekoa, galtzeko zorian dagoen gauza bat delako». Azken bostehun urte hauetan, herrietako toponimia «ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi pasa da, baina azken hamarkadetan eten bat izan dugu. 40 urtetik beherako gazteek oso toponimia gutxi erabiltzen dute. Izugarrizko higadura duen ondare inmateriala da toponimia». Galdu ez dadin ordea, «ondare inmaterial horri dagokion garrantzia eman nahi diogu, toponimia ere ondarea baita».
Liburua, mapa eta webgunea
Behin bilketa lan guztia eginda, hori atondu eta argitaratzea izan da azken pausoa. Joxerra Aizpuruak izan du lan horren ardura. «Hau guztia biltzeko beharraz hitz egin genuenean, guk esan genien bildutako horri irtenbide bat eman behar zitzaiola, gizarteratu egin behar zela, bestela lan hori hankamotz geldituko zelako».
Hala, liburua eta mapa ez ezik, webgunea ere prestatzen ari dira, leku izen hauek guztiak jaso eta herritarren eskura jartzeko. Horrez gain, datozen belaunaldiek ere izen hauek ikaste aldera, ikastetxeetan lantzeko unitate didaktiko bat ere prestatzen ari dira.