Miguel Angel Balliache donostiarrak irabazi du Arte Plastikoen V. Goiart saria
Bosgarren urtez banatu dituzte Arte Plastikoen Goiart sariak Ordizian. Sari nagusia Donostia aldera joan da aurten, epaimahaiak, Miguel Angel Balliacheren La herencia – La virgen eskultura aukeratu baitu. Barrena Kultur Etxean banatu ziztuzten atzo lehiaketako sariak eta irabazlea «gustora» agertu zen jaso duen aitortzarekin. Aurreneko hiru sarituen artean bada ordiziar bat ere. Aurkeztutako 124 lanetatik 25 ikusgai jarri dituzte, Barrenan bertan. Egile gaztea bada ere, urteak daramatza Miguel Angel Balliachek artearen munduan. «Denetik egiten dut, eskultura, pintura, grabatuak, bitxigintza… ez diot nire buruari mugarik jartzen». Goiart lehiaketa irabaztea aitortza bat da beretzat. «Egindako lanaren eta jarraikortasunaren errekonozimendua da, bide onean zoazela adierazten du». Epaimahaiko kideek, «iradokitzailea delako, interpretazio ezberdinak dituelako» aukeratu dute haren lana. «Emakumeari eta baloreei egiten zaien erreferentzia sinbolikoa» ere azpimarratu dute. Egileak azaldu duenez, «amabirjina baten forma eman diot. Burua etxea litzateke eta gorputza, etxe horrek atzean duen historia da, iragana. Botoiek arbasoak, familiaren hildakoak irudikatzen dituzte». Bigarren saria berriz, Udane Juaristi azkoitiarrak jaso du, Roma izeneko lanari esker. Egilearen «teknika» eta «ikuspuntu originala» gustatu zaie. «Hiriko paisaia erakusten du eta anekdota dena protagonista bihurtzen da». Margolanaren «kromatismoa, ñabardurak eta konposizio original eta orekatua» ere aipatu dituzte. Hain zuzen ere, egileetako asko «arte abstraktutik hiriko errealismora» pasa [...]
Bosgarren urtez banatu dituzte Arte Plastikoen Goiart sariak Ordizian. Sari nagusia Donostia aldera joan da aurten, epaimahaiak, Miguel Angel Balliacheren La herencia – La virgen eskultura aukeratu baitu. Barrena Kultur Etxean banatu ziztuzten atzo lehiaketako sariak eta irabazlea «gustora» agertu zen jaso duen aitortzarekin. Aurreneko hiru sarituen artean bada ordiziar bat ere. Aurkeztutako 124 lanetatik 25 ikusgai jarri dituzte, Barrenan bertan.
Egile gaztea bada ere, urteak daramatza Miguel Angel Balliachek artearen munduan. «Denetik egiten dut, eskultura, pintura, grabatuak, bitxigintza… ez diot nire buruari mugarik jartzen». Goiart lehiaketa irabaztea aitortza bat da beretzat. «Egindako lanaren eta jarraikortasunaren errekonozimendua da, bide onean zoazela adierazten du». Epaimahaiko kideek, «iradokitzailea delako, interpretazio ezberdinak dituelako» aukeratu dute haren lana. «Emakumeari eta baloreei egiten zaien erreferentzia sinbolikoa» ere azpimarratu dute. Egileak azaldu duenez, «amabirjina baten forma eman diot. Burua etxea litzateke eta gorputza, etxe horrek atzean duen historia da, iragana. Botoiek arbasoak, familiaren hildakoak irudikatzen dituzte».
Bigarren saria berriz, Udane Juaristi azkoitiarrak jaso du, Roma izeneko lanari esker. Egilearen «teknika» eta «ikuspuntu originala» gustatu zaie. «Hiriko paisaia erakusten du eta anekdota dena protagonista bihurtzen da». Margolanaren «kromatismoa, ñabardurak eta konposizio original eta orekatua» ere aipatu dituzte. Hain zuzen ere, egileetako asko «arte abstraktutik hiriko errealismora» pasa direla azaldu zuen Belen Maiza zinegotziak, sari banaketan.
Goiart lehiaketako hirugarren saria etxean gelditu da aurten, Alberto Letamendia ordiziarrak jaso baitu, Akelarre eskultur lanari esker. Kasu honetan, «lanaren dinamismo kontzentratua» eta «adierazkortasun handia» azpimarratu ditu epaimahaikoak. «Materialen manipulazioa ere baloratu da, gaur egungo proposamena delako».
Azkenik, Goierrin jaio edo bizi den artista bati beste 600 euroko sari bat ematen diote. Aurten, Beasainen bizi den Nader Koochaki Etxeberriak jaso du sari hori, Biolentzia argazkiari esker. Lan horren «kalitate fotografikoa» goraipatu dute; «baliabide gutxirekin inpaktuzko argazkia lortu du».
Inoiz baino artista gehiago
Goierriko eta Euskal Herriko artisten lana ezagutarazi eta saritzeko asmoz sortu zuten Goiart Arte Plastikoen lehiaketa duela bost urte. Eta urtez urte, Goierrin ez ezik, Euskal Herri mailan ere sona handia hartzen ari da. Horren erakusgarri dira aurkeztutako lanen kopurua eta egileen jatorria. Denera 84 artistak parte hartu dute, 124 lanekin. Gehienak pintura (71) eta eskultura (37) arloetan jaso dituzte. Egileen jatorriari dagokionean berriz, gehienak gipuzkoarrak badira ere, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko ordezkariak ere badaude parte-hartzaileen artean.
Ekimenaren antolatzaileek azaldu dutenez, aurten «inoiz baino jende gehiagok parte hartu du lehiaketan». Gainera, orokorrean jasotako artelanak «maila handikoak» direla ere azaldu dute.
Epaimahaiko kideek, irabazleak aukeratzeaz gain, 25 artistaren lanak aukeratu dituzte, gaurtik aurrera ikusgai izango den erakusketa antolatzeko. Lanak, Barrena Kultur Etxeko erakusketa aretoan daude. Urtarrilaren 4era arte bisitatu ahal izango dira, 18:00etatik 20:00etara. Saritutako lanak www.ordizia.org webgunean ere ikusgai izango dira.
Alberto Letamendia:
«Gure mitologiako istorio bat kontatzen saiatu naiz»
Goiart lehiaketan hirugarren saria jaso du aurten Alberto Letamendiak (Ordizia, 1964), Akelarrea lanari esker. Euskal mitologia eta sorginak ardatz hartuta egin du eskultura hau, nahiz eta orain arte pintura izan den bere adierazpide nagusia. Irakaslea da lanbidez, artetik bizimodua ateratzea «oso zaila» baita. Gustora dago sariarekin eta lehiaketa honek bertako artisten lana ezagutarazteko balio duela dio.
Zer adierazi nahi izan duzu ‘Akelarrea’ lanarekin?
Eskultura honen bidez gure mitologiaren inguruko istorio bat kontatzen saiatu naiz, sorginak dira akelarrean.
Mitologia aipatu duzu. Zure obra horretan zentratzen da ala beste arlo batzuk ere jorratzen dituzu?
Etapak dira. Lehen migrazioen gaia jorratu nuen eta gero hasi nintzen gure mitologia lantzen. Baina hau etapa bat izan da eta seguruenik hemendik aurrera beste zerbait etorriko da.
Material aldetik eta, zerekin jokatu duzu?
Oinarria alanbrea da, nire eskultura gehienetan bezala. Horren gainetik, material ezberdinekin jolastu dut, tela, kotoia, sokak… parean aurkitzen dudana.
Goiart bezalako sariketak garrantzitsuak izango dira zuen lana ezagutarazteko, ezta?
Oso garrantzitsua da, bai. Baina nik garrantzia handia ematen diodana, diziplina ezberdinetako lanak saritzea da; artista guztientzat eta arte molde guztientzat irekia izatea. Eta noski, bertako artisten eta Goierrikoen lanak ezagutarazteko bide ona da.
Beti eskulturaren munduan aritu izan zara aa beste bide batzuk ere jorratu dituzu?
Bai, batez ere pintura landu izan dut. Aurten hasi naiz eskulturarekin eta oso gustura nago.
Eta artearen munduan, noiztik zabiltza?
Betidanik ibili naiz mundu honetan, baina honek ez du jaten ematen, oso zaila da artetik bizitzea eta beste gauza batzuk ere egin behar dira. Irakaslea naiz eta libre dudan denbora aprobetxatzen dut artea egiteko.