Enpresari bat zigortu dute Olaberrian bere langileek istripua izan zutelako obretan
Berria.info-k gaur zabaldu duenez, hiru hilabeteko kartzela zigorra eta 270 euroko isuna jaso du eraikuntzako enpresari batek 2003an Olaberriko obra batean langileek izan zuten istripuagatik. Behargin batek 49 egun erietxean pasatu behar izan zituen ...
Berria.info-k gaur zabaldu duenez, hiru hilabeteko kartzela zigorra eta 270 euroko isuna jaso du eraikuntzako enpresari batek 2003an Olaberriko obra batean langileek izan zuten istripuagatik. Behargin batek 49 egun erietxean pasatu behar izan zituen eta urtebete igaro zuen osatzen. Etxe batzuen lanetan izan zuen istripua. Segurtasun neurriak ez zirela betetzen ikusita hartu du erabakia epaileak.
Istripua 2003ko apirilean izan zen. Garabi bateko kontrola galdu zuen langile batek eta soinean zeukan hormigoi kubo bat beste bi langile zeuden plataforma baten gainera erori zen. Horren eraginez, lau metroko altueratik erori ziren bi beharginak. Plataformak atzeko aldean bazeukan segurtasun baranda bat, baina ez aurrealdean. Segurtasunerako gerrikorik ere ez zeukaten langileek.
Langileetako bat zauritu egin zen arren, hark ez zuen ezer adierazi prozesu judizialean. Besteak, aldiz, 49 egun ospitalean pasatu zituen, eta urtebete inguru behar izan zuen guztiz osatzeko. Langile hori oraindik ondorioak jasaten ari da; izan ere, ibilbide luzeak egiteko makuluak ibili behar dituela jakinarazi du, eta bere lana egiterik ez daukala ere badio.