Bihar da Goieniz zine klubaren laburren gaua
Bihar izango da aurtengo “Gau laburra”, Beasaingo Goieniz zine klubak urtero antolatzen duen film laburren jaialdia. 21:00etatik aurrera, Euskal Herrian ekoitzitako film laburrik esanguratsuenak ikusi ahalko dira Usurbe antzokian. Guztira ...
Bihar izango da aurtengo “Gau laburra”, Beasaingo Goieniz zine klubak urtero antolatzen duen film laburren jaialdia. 21:00etatik aurrera, Euskal Herrian ekoitzitako film laburrik esanguratsuenak ikusi ahalko dira Usurbe antzokian. Guztira bederatzi film aurkeztuko dituzte jaialdian: Jon Herranzen “Sukut: la memoria del silencio”, Asier Izaren “Lacruaquet”, Alex Montoyaren “Marina”, Iban Lizarralderen “Gartzela”, Jon Artolaren “Hiriko kaleak”, Pendejoren “En tierra peligrosa 3″, Isabel Hergueraren “Amar”, Asier Altunaren “Artalde” eta Leon Siminianiren “El premio”.
Aurtengo jaialdiak gainera, ukitu goierritarra ere izango du. Izan ere, Jon Artola beasaindarrak lana aurkeztu du lehiaketara eta Iban Lizarralde oñatiarraren “Gartzela” filma Seguran, Zerainen eta Legazpin dago grabatuta.
Goieniz zine klubeko kideek jakitera eman dutenez aurten ere hainbat zuzendari izango dira biharko lehiaketan, eta saioaren amaieran ikusleek jaialdiko pelikularik onena aukeratuko dute. Pelikula guztiak ikusitakoan jaialdian egongo diren zuzendariek pelikularen nondik norakoak azalduko dituzte eta ikusleen galderak erantzungo dituzte. Ikusleek aukeratutako pelikula Goienizek 2011n antolatuko duen lehen zikloan ikusi ahalko da, eta zuzendariak Dolarearen irudiarekin egindako ikurra jasoko du.