Elkartasun mezua izar
Ormaiztegiko parrokiko boluntarioek, bidezko merkataritza denda ireki zuten asteartean Ormaiztegin. Herriak Elkarlanean Gobernuz Kanpoko Erakundeak egindako erakusketa ere jarri zuten. Bata zein bestea, hiru egunetarako ipini dituzte eta beraz, dendan erosketak egin nahi dituenak zein erakusketa ikusi nahi duenak, bihar izango du horretarako azken eguna. Gai horiekiko kontzietzia ordea, ez da egun batetik bestera sortu Ormaiztegin. Duela bost bat urte katekesian zebiltzan haurrekin misioei buruzko gaia landu zuten herrian: zer den misioa, zein lan egiten duten misiolariek… izan zituzten hizpide. Gai horren inguruan hausnarketa egin eta gero, haurrek garapen bidean dauden herrialdeetako pertsonei laguntzeko zerbait egin nahi zutela eta, tonbola bat egiteko erabakia hartu zuten. Umeek etxean zituzten jostailuak, liburuak, apaingarriak , arropak… eraman zituzten eta horrela antolatu zuten tonbola. Bertan ateratako dirua Elizbarrutiko Misio ordezkaritzari eman zioten. Ormaiztegiko parrokiko boluntarioek jakitera eman dutenez, «lan asko egin genuen denok, baina batez ere, haurrek gai hauen inguruan hausnartzea jarri genuen helburu bezala, eta uste dugu fruitu onak eman zituela». Handik urte batera, parrokian zebiltzan gazteekin, hamaseitik hemezortzi urtera bitartekoekin, dirua eta eskolako materiala (arkatzak, zorrozkailuak, borragomak eta koadernoak) bildu zituzten, Elizbarrutiko Misioen bitartez Haitiko Jacmel herrira bidaltzeko. Ormaiztegiko parrokiko boluntarioek aipatu dutenez, beti izan dituzte bi ekintza horiek gogoan «oso positiboa [...]
Ormaiztegiko parrokiko boluntarioek, bidezko merkataritza denda ireki zuten asteartean Ormaiztegin. Herriak Elkarlanean Gobernuz Kanpoko Erakundeak egindako erakusketa ere jarri zuten. Bata zein bestea, hiru egunetarako ipini dituzte eta beraz, dendan erosketak egin nahi dituenak zein erakusketa ikusi nahi duenak, bihar izango du horretarako azken eguna.
Gai horiekiko kontzietzia ordea, ez da egun batetik bestera sortu Ormaiztegin. Duela bost bat urte katekesian zebiltzan haurrekin misioei buruzko gaia landu zuten herrian: zer den misioa, zein lan egiten duten misiolariek… izan zituzten hizpide. Gai horren inguruan hausnarketa egin eta gero, haurrek garapen bidean dauden herrialdeetako pertsonei laguntzeko zerbait egin nahi zutela eta, tonbola bat egiteko erabakia hartu zuten. Umeek etxean zituzten jostailuak, liburuak, apaingarriak , arropak… eraman zituzten eta horrela antolatu zuten tonbola.
Bertan ateratako dirua Elizbarrutiko Misio ordezkaritzari eman zioten. Ormaiztegiko parrokiko boluntarioek jakitera eman dutenez, «lan asko egin genuen denok, baina batez ere, haurrek gai hauen inguruan hausnartzea jarri genuen helburu bezala, eta uste dugu fruitu onak eman zituela».
Handik urte batera, parrokian zebiltzan gazteekin, hamaseitik hemezortzi urtera bitartekoekin, dirua eta eskolako materiala (arkatzak, zorrozkailuak, borragomak eta koadernoak) bildu zituzten, Elizbarrutiko Misioen bitartez Haitiko Jacmel herrira bidaltzeko.
Ormaiztegiko parrokiko boluntarioek aipatu dutenez, beti izan dituzte bi ekintza horiek gogoan «oso positiboa izan baitzen gazteak kontzientziatzeko, izan ere leku batean edo beste batean jaio desberdintasun handiak ematen baitira, arlo guztietan».
Joan den urtean, Haitin lurrikara izan zenean, urgentziazko bidalketa egin zuten ormaiztegiarrek Herriak Elkarlanean Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez. Janaria eta arropak bidali zituzten, orduan.
Herriak Elkarlanean erakundeak, herri desberdinetan bildutako gauza guztiak Haitira nola iritsi ziren jendeak ikusteko, erakusketa bat muntatu zuen. Ormaiztegiko parrokiko kideek lotura estua dute, Herriak Elkarlaneakoekin eta Haitiko herriari laguntzeko antolatu dituzten ekintza desberdinetan parte hartu dutenez, zerbait gehiago egin nahi zuten. Horrela, erakunde horrek egiten duen lana jendeari ezagutzera emateko helburuarekin erakusketa hori Ormaiztegin jartzeko erabakia hartu zuten. Erakusketa udaletxearen azpiko lokalean dago eta 17:00etatik 20:00etara ikusi ahalko da gaur eta bihar.
Erakusketan batetik ikus daiteke Haitin nola bizi diren eta bestetik Gipuzkoatik bidalitako materiala nola iritsi zen. «Beasaingo boluntarioak edukiontzia betetzen agertzen da argazki batzuetan eta besteetan, Haitiko mojak eta boluntarioak edukiontzia usten», gehitu du Ormaiztegiko parrokiako boluntario batek.
Bidezko merkataritza denda
Erakusketa jartzeaz gain, bidezko merkataritza denda ere ireki dute udaletxearen inguruan dagoen areto batean. Ormaiztegiko boluntarioen arabera «Gabonak oso garai egokiak dira hausnarketa hori sustatzeko, data honetan denak oso kontsumista bihurtzen baikara». Helburua, bidezko merkataritza zer den eta zein helburu duen ezagutzera ematea da. «Erosketak egiterakoan gehienetan ez dugu pentsatzen material hori egin duen langileak zein lan baldintza dituen. Horrek hainbat arazo ekartzen du sarritan: lan esplotazioa, esklabotasuna, haurren esplotazioa, emakumeen diskriminazioa, soldata miserableak, lan baldintza kaltegarriak, naturaren hondamena…». Ormaiztegiko boluntarioen arabera bidezko merkataritzak «gizartearekiko, ingurumenarekiko eta ekonomiarekiko justizia sustatzen duen sistemaren alde egiten du apustu» eta helburua jendeak hori ezagutzea da.
Dendan janaria, apaingarriak, jostailuak, artisau lanak, arropa eta kosmetikoak aurkitu daitezke. Atzo eta gaur eduki dute irekita, baina bihar ere izango da aukera bertan erosketak egiteko: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara artean.
Ormaiztegiko boluntarioen hitzetan «harrera oso ona» eduki du dendak.