Jendea erruz ibili da Eguberrietako aparteko azokan
Giro eguzkitsua lagun, ehunka lagun elkartuko ditu gaur Ordizian Eguberrietako aparteko azokak. Beti-Alai pilotalekuan oilo, oilar eta antzarak zeuden ikusgai, atarian txekor, ahuntz eta astoak, eta Garagartza Plazan berriz, Errege sagarraren sariketa izan da. Gabiriako lau ekoizlek jaso dute aipamen berezia. Urdaneta eta Santa Maria kaleetan, berriz, txerriki, ahateki eta gozoak erosteko aukera izan da. Bestelako jarduerak ere ikusi ahal izan dira. Ezker abertzaleko eta EAko kideak Gernikako Akordioaren esku-orria banatzen aritu dira, Ordizian elkartekoak poltsa berrerabilgarriak, eta elkartasunak ere ez du hutsik egin aurtengoan; presoen alde mariskada –6659 da zenbaki saritua eta 9888 ordezkoa– eta arkumea –2002 da zenbaki saritua eta 3330 ordezkoa– zozkatu dituzte, eta Karlos Ibarrondo elorrioarrak erretako 108 kiloko txerria pintxotan saldu dute, dirua Caritasi emateko. Ordiziako Udalak, bestalde, 500k saria banatu du gaur aurreneko aldiz. Asteazkeneroko azokan postua duen Edurne Jauregi baliarraindarrak, eta Ttipi-Ttapa eta Farmaetxe dendetako ordezkariek jaso dute saria.