Illati euskara elkarteak aurten ere banatu ditu etxeetan egutegiak
Illati euskara elkarteak aurten ere banatu ditu egutegiak etxeetan. Ohikoa baino apur bat beranduago ibili dira, data hauetan inprimategiak lanez gainezka egoten baitira, baina dagoeneko etxe guztietan edo gehienetan jaso dute 2011ko egutegia. Argitalpen horrek, azken urte hauetan bezala, Idiazabalgo Udalaren laguntza jaso du. Herritarren artean berriz, harrera beroa izan ohi du urtero eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Egutegia Sara Gomez Amezketako argazkilariak egindako lanekin osatu dute. Illatikoek jakitera eman dutenez, iazko egutegian ere agertzen zen Gomezen zenbait lan. «Orain Idiazabalen bizi da Sara eta geuk eskatu genion egutegirako argazkiak ateratzeko, oso argazki ederrak egiten baititu». Egutegiaren azalean Idiazabalen ikuspegi orokor bat agertzen da eta barruko orrietarako berriz, herriko zenbait txoko, animalia eta pertsonaia aukeratu ditu egileak, hala nola, Torreko etxea, Akutain Garaikoa baserria, ardiak zelaian, Oiarbide jauregia, artzain txakurrak artzainaren omenez ipinitako eskulturaren ondoan, San Juan gaueko sorgina, udaletxe berria, Albitxuko txoko bat, San Esteban baseliza, Oriako presa, Etxegarate inguruko pagadia eta eliza eta inguruak. Bestalde kontrazalean barruko argazki guztiak ikus daitezke, tamaina txikian. Egutegiak, argazkiez gain hemerotekatik jasotako Idiazabalen gertatutako hainbat gertaera ere biltzen ditu. Lehiaketa abian Datorren urteko egutegia egin ahal izateko, argazki lehiaketa abian jartzea erabaki du Illatik. Lehian parte hartzen dutenek, urarekin zerikusia duten [...]
Illati euskara elkarteak aurten ere banatu ditu egutegiak etxeetan. Ohikoa baino apur bat beranduago ibili dira, data hauetan inprimategiak lanez gainezka egoten baitira, baina dagoeneko etxe guztietan edo gehienetan jaso dute 2011ko egutegia. Argitalpen horrek, azken urte hauetan bezala, Idiazabalgo Udalaren laguntza jaso du. Herritarren artean berriz, harrera beroa izan ohi du urtero eta aurtengoa ez da salbuespena izan.
Egutegia Sara Gomez Amezketako argazkilariak egindako lanekin osatu dute. Illatikoek jakitera eman dutenez, iazko egutegian ere agertzen zen Gomezen zenbait lan. «Orain Idiazabalen bizi da Sara eta geuk eskatu genion egutegirako argazkiak ateratzeko, oso argazki ederrak egiten baititu».
Egutegiaren azalean Idiazabalen ikuspegi orokor bat agertzen da eta barruko orrietarako berriz, herriko zenbait txoko, animalia eta pertsonaia aukeratu ditu egileak, hala nola, Torreko etxea, Akutain Garaikoa baserria, ardiak zelaian, Oiarbide jauregia, artzain txakurrak artzainaren omenez ipinitako eskulturaren ondoan, San Juan gaueko sorgina, udaletxe berria, Albitxuko txoko bat, San Esteban baseliza, Oriako presa, Etxegarate inguruko pagadia eta eliza eta inguruak. Bestalde kontrazalean barruko argazki guztiak ikus daitezke, tamaina txikian.
Egutegiak, argazkiez gain hemerotekatik jasotako Idiazabalen gertatutako hainbat gertaera ere biltzen ditu.
Lehiaketa abian
Datorren urteko egutegia egin ahal izateko, argazki lehiaketa abian jartzea erabaki du Illatik.
Lehian parte hartzen dutenek, urarekin zerikusia duten lanak egin beharko dituzte. Argazkiak Idiazabalen ateratzea ere derrigorrezko baldintza da. Lanek horizontalak izan behar dute eta koloretan edota txuri beltzean egin litezke.
Egindako irudiak urte guztian zehar bidali daitezke aldaize.illati@gmail.com helbidera eta argazkiak entregatzeko azken eguna irailaren 30a da. Parte hartzaileek izen abizenak, argazkiaren izena eta non ateratakoa den ere zehaztu beharko dute.
Lehiaketa irabazten dutenen argazkiak 2012ko egutegian publikatuko ditu Illatik eta irabazleek opari bana ere jasoko dute.